Goxara, kalitate berme bikoitza
Etxez etxeko zaintza egiten duen Goierriko enpresa honek bi kalitate ziurtagiri jaso zituen atzo. Alor horretan bi ziurtagiri dituen Gipuzkoako enpresa bakarra daEtxez etxeko laguntza arloan lan egiten duen Goierriko Goxara enpresak Aenorren bi kalitat...
Etxez etxeko zaintza egiten duen Goierriko enpresa honek bi kalitate ziurtagiri jaso zituen atzo. Alor horretan bi ziurtagiri dituen Gipuzkoako enpresa bakarra da
Etxez etxeko laguntza arloan lan egiten duen Goierriko Goxara enpresak Aenorren bi kalitate ziurtagiri jaso ditu: etxez etxeko zerbitzuei dagokiena eta kalitatearen kudeaketari dagokiona. Etxez etxeko laguntzaren arloan, Goxara da bi ziurtagiri hauek jaso dituen Gipuzkoako lehen enpresa.Ziurtagiriak atzo jaso zituen, Antioko interpretazio zentroan. Izan ere, Goxara arduratzen da Zumarragako etxez etxeko laguntzaz. Beasain, Ordizia eta Villabonako udalek ere enpresa honi esleitu diote zerbitzu hau.
Atzoko ekitaldian Amaia Aiala Goxarako kudeatzaileak, Luz Enparantza Aenorren Euskadiko zuzendariak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten. Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta Zumarragan lan egiten duten Goxara enpresako langileak ere bertan izan ziren.
Alkatearen hitzak
Serranok Goxarako langileek egiten duten lana goraipatu zuen. «Kalitatea eta gertutasuna eskaintzen dute. Adineko pertsonek etxean bizitzen jarraitu nahi dute eta administrazioak horretarako laguntza eskaintzen die. Goxararekin eman genituen lehen pausoak ez ziren errazak izan, baina enpresaren, langileen eta Gizarte Zerbitzuen lanari esker, zerbitzua hobetu dugu».
Enparantzak Goxararekin lan egiten duten familiek primerako zerbitzua jasotzen dutela aipatu zuen. «Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaile bakoitzak bere fitxa eta bere ekintza plana ditu. Konpromiso maila da enpresa bat besteengandik bereizten duena. Goxara bi ziurtagiri hauek lortzen dituen Gipuzkoako lehen enpresa da. Beraien lan onak gure onespena merezi du. Bi ziurtagiri hauei eusteko, langileek urtero azterketak pasako dituzte».
Aialak atzokoa egun «hunkigarria» zela esan zuen. «Garrantzitsuena ez da bizitza baten urte kopurua, urte horietako bizitza baizik, esan zuen Abraham Lincoln-ek. Zumarragan duela lau urte hasi ginen lanean. Alkateak esan duen bezala, hasiera gogorra izan zen. Udalak gure alde apustu egin zuen eta Arantxari bereziki eskerrak eman nahi dizkiot. Izan ere, udalak araudia aldatu zuen eta prezioak jaitsi zituen ahalik eta jende gehienarengana heltzeko eta ahalik eta ordu gehien eskaintzeko. Bezeroak pozik daude eta langileak gero eta prestatuagoak».
Adinekoen kopurua geroz eta altuagoa da eta gehienek etxean bizi nahi dute. «Zerbitzua behar berriei egokitu behar dugu». Egun, Zumarragan, 91 pertsonek erabiltzen dute etxez etxeko laguntza zerbitzua. Egunean hiru orduko laguntza jasotzen dute gehienez, beraien burua garbitzeko, etxea garbitzeko, kozinatzeko…