Ruanda Elkarteak bihar hasiko du egitaraua, abenduaren 21era arte .Merkatu txikia, erakusketa, elkartasun jaialdia, filma eta solasaldia izango dira. Ruandako Gihararako bilduko dute dirua
Hogeigarren urtea beteko du aurten Lazkaon Ruandako Gihara herriaren eta, oro har, garapen bidean diren herrialdeen alde Ruanda Elkarteak antolatzen duen Elkartasun Asteak. Bihar hasiko da, eta abenduaren 21era arte kultur etxeko aretoa izangodu gune nagusi. Baina, ohi bezala, Elkartasun Jaialdia, film emanaldi bat, jostailu salmenta solidarioa eta haurrentzat ipuin kontaketa ere antolatu dituzte.
Irekiera bihar 18:30ean izango du. Batetik, Lazkaon bizi diren etorkinekin solasaldia egingo dute. Ale senegaldarrak eta Karla Vazquez mexikarrak parte hartuko dute, besteak beste. Migratzaileen bizipenak lehen pertsonatik kontatuko dituzte.
Beste errealitateak ikusi
Erakusketa ere bihar zabalduko dute. Toki bat munduan. Inork, inon, bere etxea utzi behar ez dezan du izena; Alboan erakundearena da. Sorlekua utzi behar izaten dutenen errealitateaz da.
Hirugarren mundua ezagutzen; beste mundu bat posible da leloarekin, begiak irekitzea du helburu Elkartasun Asteak. «Gu bizi garen munduaz gain beste errealitate eta esperientzia erabat desberdinak ezagutarazi eta hausnarketa bat bideratzea nahi dugu, horien zergatiez galdetuta», dio Ruanda Elkarteak.
Biltzen den dirua Giharako haurren ikastetxera bideratuko dute. 2000n sortua, Lazkaoko eta Olaberriko laguntzarekin mantendu dute 18 urteotan.
Egitaraua
20. Hirugarren mundua ezagutzen
· Bihar. Lazkaon bizi diren etorkinekin solasaldia. ‘Toki bat munduan’ erakusketaren irekiera. 18:30, kultur etxeko aretoan.
· Abenduaren 13tik 21era. Bidezko merkataritza produktuen salmenta eta erakusketa. Kultur etxeko aretoan.
· Abenduaren 14tik 16ra. Bigarren eskuko jostailuen salmenta. Frontoian, liburu azokan.
· Abenduak 19. Haurrentzat (8 urtetik gora) ipuin kontaketa, Patxi Zubizarretak: Korri, Kuru, korri!’ eta ‘Usoa, hegan etorritako neskatoa’. Zozketa eta sariak. 17:30, Kultur etxeko aretoan.
· Abenduak 19. ‘La estacion de las mujeres’ filmaren emanaldia. 21:30, Areria antzokian.
· Abenduak 20. San Benito ikastolako ikasleen eta irakasleen Elkartasun Jaialdia, Arerian. Bi saio: 17:30ean (HH5ekoena) eta 18:00etan (LHtik gorakoena).