Minbiziari ukabilkada
Boxeo erakustaldia egingo dute larunbatean Aspanogiren alde, Ordiziako Punch Boxing taldeak antolatuta. Lau borrokaldi egongo dira eta Iñaki Arrue aramarrak debutatuko duAspanogiren aldeko boxeo erakustaldia antolatu dute Ordizia Punch Boxing taldeko ...
Boxeo erakustaldia egingo dute larunbatean Aspanogiren alde, Ordiziako Punch Boxing taldeak antolatuta. Lau borrokaldi egongo dira eta Iñaki Arrue aramarrak debutatuko du
Aspanogiren aldeko boxeo erakustaldia antolatu dute Ordizia Punch Boxing taldeko kideek, datorren larunbaterako, abenduaren 15erako. Lau borroka egongo dira, amateur mailakoak guztiak eta Aramako Iñaki Arrue gazteak debutatuko du, gaueko azkeneko borrokaldian.Kirolak eta elkartasunak bat egingo dute larunbatean Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, 19:00etatik aurrera. Izan ere, «boxeoarekin gehien behar dutenei laguntzea ere posible baita», adierazi du Iker Arizmendik, taldeko kideak. Hori horrela, larunbatean, «haurren minbiziari ukabilkada» emango diote. Egun horretan eskuratutako dirua Aspanogi Elkarteari bideratuko diote. Sarrerak 8 euroren truke jarriko dituzte salgai egunean bertan, lehiatilan.
Ordiziako boxeo taldeak antolatutako ekitaldia Urdaneta dantza eskolakoek irekiko dute, dantza erakustaldiarekin eta Goierriko Bertso Eskolako bertso- lariek ere parte hartuko dute.
Lau borrokaldi
Amateur mailako lau borrokaldi egingo dituzte eta datu aipagarriena, Iñaki Arrue aramar gaztearen debuta izango da. Dena den, ordiziar bat ere igoko da ring-era: Ander Brizio. Bigarren aldiz borrokatuko da etxeko publikoaren aurrean, debuta Ordiziako jaietako boxeo ekitaldian egin baitzuen. Ordiziarrak Mikel Telleria idiazabaldarraren aurka neurtuko ditu indarrak, 72 kilo azpiko mailan. Telleriak Martutenen entrenatzen du gaur-gaurkoz, baina Ordiziako taldeko kide izandakoa da eta harreman polita dago oraindik. Beraz, goierritarren arteko borrokaldiarekin hasiko dira.
Jarraian, 76 kilo azpiko kategorian, Marcos Araujo (Team Latigo taldea, Errenteria) eta Iban Lakarra (Tito Box, Errioxa) arituko dira. Ondoren, 60 kilo azpikoetan, Nazan Miranda (Team Latigo, Errenteria) eta aurkaria, konfirmatu gabe dago oraindik.
Azkenik, Arrueren debuta ikusteko aukera egongo da. 87 kilo azpitik dago eta bere aurkaria Andoni Beitia (EuskoBox) izango da. Anartz Azkarraga taldeko entrenatzaileak adierazi duenez, «borroka ona egitea espero dugu, denbora darama gogor prestatzen, maila onean dago eta pisuz ere ederki dago. Orain urduritasuna kontrolatzea da garrantzitsua».
Erakustaldiaren antolakuntzan Boxeo Federazioak ere parte hartu duenez, pisaketak burutuko dituzte aurretik.