Santa Lutzi feria aterkipean
415 postu jarri dituzte, 288 abelbururen erakusketa eta haietatik, 103 saldu dituzte. Eguna bustia izan den arren, bertakoak zein bisitariak ez dira kikildu eta jende asko bildu daGustuko tokian aldaparik ez. Atzoko Santa Lutzi ferian, Urretxun eta Zum...
415 postu jarri dituzte, 288 abelbururen erakusketa eta haietatik, 103 saldu dituzte. Eguna bustia izan den arren, bertakoak zein bisitariak ez dira kikildu eta jende asko bildu da
Gustuko tokian aldaparik ez. Atzoko Santa Lutzi ferian, Urretxun eta Zumarragan, euria ez zen aldapa bilakatu. Eguraldiak ez zuen batere lagundu. Goizean goiz baino ez zen ateri egon, aurrerantzean aterkiek zabal-zabal eutsi behar izan zioten euriari. Hala eta guztiz ere, jende gutxi zebilela esan zuenik egon bazen ere, feriak Goierri garaiko bi herriak bete zituen.Santa Lutzi feria Urretxuko eta Zumarragako bizilagunentzat galdu ezinezko hitzordua da, baina atzo kalean entzuten ziren euskararen molde anitzek Euskal Herriko hainbat txokotatik datozenak ere asko direla agerian utzi zuten; bereziki, bizkaitarrak. Haientzat ere, Santa Lutzi feria galdu ezinezko hitzordua dela dirudi.
Santa Lutziko feria bertakoarentzat egun seinalatua izan daiteke kanpoan bizi delako eta bezperatik jaioterrira itzuli, betiko lagunekin batera afaldu eta egunean bertan feria bisitatzen duelako. Harentzat aspaldiko lagunak eta ezagunak berriro ikusteko plaza ona da, halaber, feria.
Urterik urte huts egiten ez duten bisitarientzat feria lagunartean egiteko txangoa izan daiteke edota salerosketaren saltsan ibiltzeko eguna. Eskolentzat haurrekin irteera egiteko aitzakia ezin hobea da, hala iritsi ziren atzo Ezkioko eskola txikiko haurrak eta irakasleak Urretxura eta Zumarragara.
Atzokoan Santa Lutzi feria moldea galtzen ez ote dagoenaren zalantza agertu zuen baserritar batek baino gehiagok. Ezkioko Juan Jose Aranburu ez da urtero feriara joaten, atzokoan ez zen sagar askorekin iritsi, baina han zegoen, Zumarragako azokako arkupeetako postuetan, «halako feriak gastatzen ari direnaren sentipena daukat eta horregatik etorri gara aurten».
Ez da sagar urte ona izan, baina Aranbururi kontrakoa gertatu zaio eta sagar asko ez daukan arren, sagar on-ona izan du, «akaso gure sagastiaren kokapenagatik izan da». Sagar gutxi izanda ere feriara joateko erabakia honela hartu zuela dio, «goazen daukagunarekin». Ferien beherakada ganaduari dagokionean «nabarmenagoa» dela dio. Aranburu goizaldeko seietan altxatu zen atzo, «bezperan guztia prestatu nuen».
Gabiriako Miren Agirrezabalak 83 urte ditu eta atzo goizaldeko hiruetan «aidean» zegoela zioen. Sagar postua jarri zuen semearekin batera, «ez da urte ona izan, gutxi daukagu, baina daukaguna on-ona». Urtero joan da Santa Lutzi feriara, bai behintzat «bizimodua kanbiatu» zuenetik, ezkondu zenetik, alegia. Baserriko lanak seme-alabek egiten dituzte, «baserria hutsik geratuko da, baina honek segituko dute lanean. Orain, bakoitzak gure sukaldea daukagu [nor bere etxean bizi da] eta hala ongi gaude. Haiek gobernatzen dute baserria eta poltsikoa ere haiek betetzen dute. Guretzako ere lana da, baina gustura egiten dugu». Sagar salmentan ari zen Agirrezabala.
Kritiko baina tinko
Pake Galdos ere Gabiriatik iritsi zen feriara semearekin batera. Aitarekin urteetan joan da Santa Lutzi feriara eta orain semearekin batera dator. Kritiko agertu zen Galdos errezil sagarren sariketa sistemarekin, «dastatzera eman eta epaileek ez dute hartzen». Nonbait, saritzen dituzten sagarrak itxuragatik aukeratzen dituztela iradoki zuen Galdosek. Frankoa errezil sagarra- ren aldeko apustua egin du Galdosek, «aurreneko sagarrak ematerako bost urte pasa behar dira eta 60 bat urte irauten du arbolak, urte batean sagarrak eman eta hurrengoan ez ditu ematen. Jasotzeko baldarrak dira eta oso handiak, baina guk haiei eusten diegu bogan dauden beste mota batzuen aldean». Kritikoa izanda ere, «urtero gatoz, urtero ematen ditugu gure sagarrak dastatzera eta hemen gaude, tinko».
Santa Lutzi feriak gordetzen dituen xarma sentimentalez harago, ukaezina da urtetik urtera ganadu gutxiago erakusten dela (aurten 288), ganadu gutxiago saltzen dela ere bai (103). Ukaezina da, halaber, postuen nolakotasuna aldatuz doala eta artisautzak eskaintzen dituztenak gutxiago direla, hamaika aldiz errepikatutako produktu berberak edo antzekoak eskaintzen dituztenak baino. Ukaezina da feriak hartzen dituen tratu eta molde askoren transmisioa ez dagoela bermatuta eta zertan bilakatuko den esaterik ez dagoela. Jakinkizun dauden guztiekin ere aurtengoa egin da eta jendearen erantzuna ez da makala izan.