Liburu, disko eta jostailu artean 30 urte
Lazkaoko liburu, disko eta jostailu azoka Goierriko zaharrena da. Aurtengoan feminismoaren inguruko txoko berezia prestatu dute
Lazkaoko liburu, disko eta jostailu azoka tradizio handikoa da. Aurtengoarekin 30 urte bete ditu, baina sasoiko jarraitzen du. Jende ugari gerturatu da eguraldi txarra egin arren, eta salmentak ongi joan direla diote saltzaileek.
Aurtengoan feminismoaren inguruko liburuak dira protagonistak. Zapi more batekin inguratuta, ikuspegi feministatik idatziak dauden edota parekidetasuna helburu duten liburuak plazaratu dituzte.
Goierri letraz josita
Ataunen, Beasainen, Ordizian eta Seguran ere liburu, disko eta jostailu azokak daude. Azokak batzen gaitu leloa erabili dute aurtengoan.
Ataunen #AtaunIpuinak egitasmoa jarri dute martxan aurtengoan: aipaturiko traola erabiita, tweet bakarreko kontakizun eta ipuin txikiak egiteko eskatu dute antolatzaileek; Beasainen ere bada berrikuntzarik, izan ere, Mirentxu liburu dendak antolatu du azoka udalaren laguntzarekin, AEK euskaltegiak antolatu beharrean.