Zaldibiak %6,8 igo du aurrekontua, begirada udal eraikin berrian jarrita
Urtea hasterako onartu du ia 1,9 milioi euroko diru saila. Eraikitzailea aukeratzeko bide negoziatua erabilita, udaberrira atzeratuko da hasiera. Musika eskola, udalaren eskuZaldibiako Udalbatzak abenduaren 20an onartu zuen 2019rako udal aurrekontua. G...
Urtea hasterako onartu du ia 1,9 milioi euroko diru saila. Eraikitzailea aukeratzeko bide negoziatua erabilita, udaberrira atzeratuko da hasiera. Musika eskola, udalaren esku
Zaldibiako Udalbatzak abenduaren 20an onartu zuen 2019rako udal aurrekontua. Guztira, 1.897.288,31 euro izango ditu. Iazkoa baino 120.887 euro gehiago da aurtengoa, %6,8 igota. UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak —udalaren diru sarrera nagusia— igoera aurreikuspenak eragin du, batik bat. EH Bilduk alde eta Herrigintzanek abstentzioa bozkatu zuten.Proiektu bat dauka nabarmena Zaldibiak, datozen urteetarako: udaletxe berria eraikitzea. 1.350.000 euroko kostua du eraikitzeak, eta beste 250.000koa altzariz hornitzeak. Mailegu batekin finantzatuko du, eta obrari ekindakoan hasiko da kitatzen.
Hain justu, deialdia hutsik geratu izanak —ez zen eskaintzarik iritsi—, «hiru-bat hilabete» atzeratu du lanen hasiera. Orain ekin nahi zion udalak, baina udaberrirako jarri du data berria. Prozedura negoziatu bidez, «hiruzpalau enpresaren» eskaintzak jasotakoan helduko zaio.
Herri bideak eta hilerria
Bestetik, Gurutzetako eta Urtsueneko herri bideak konpontzekoa da udala, aurten. 37.500 euro bideratu ditu, eta beste 28.000ko foru laguntza jaso du. Hilerri aurrean txukuntzeko asmoa ere badu; auzolan deialdi bat egitekotan da, harako.
Ur kontagailu digitalak jartzen jarraitzea, errefusa gutxitze aldera hondakin bilketan hobekuntzak egitea (etxolak estalpeekin eta argiarekin hornituz), eta Artxanberriko lokalak osatzeko (errezelak, soinu ekipoa eta pantaila) ere sailak izendatu ditu.
Peoi lanerako, poltsa osatzeko deialdia egin du, bestetik. Aurten, peoi bat kontratatuko du, epe mugaturako. Udal jabetzako garaje bat eta trasteleku bat salgai ere ipini ditu udalak, biltegiak Artxanberrin batu ostean, erabilerarik gabe geratu baitira.
Musika eskola zerbitzua udalak hartu du bere gain. Zaldibiak, Legorretak, Itsasondok eta Idiazabalek ituna egin dute, eta 2018-19an sartu da indarrean. Matrikulak edo kuotak udalak kudeatuko ditu, eta Ordiziako Musika Eskolari esleitu diote zerbitzua (lehen hark zeraman).
Larrialdi eta prebentzio kasuetarako 15.000 euro bideratu ditu. Plazaren antolaketarako, partaidetza prozesu bat ere aurreikusi du, urte bukaerarako.