Urte hasierako bi asteazkenak ezohikoak izan ditu Juanita Lazkano nekazariak: Ordiziako azokarik gabe. 55 urte igaro ditu, baserriko gaiak saltzera astero joanez. Zumarragako merkatuari eutsiko dio, oraindik.
Juanita Lazkano Ariztimuño, herenegun, Gabiriako Noaretxeberri baserriko atarian. // Aimar Maiz.
Astearte arratsaldea da, eta Noaretxeberri baserriko (Gabiria) sukaldearen epelean dago Juanita Lazkano Ariztimuño (Anti, Zegama, 1938). Ez da ohikoa, azken 55 urteetan Ordiziako feriarako barazkiak, salgaiak eta etxeko uzta prestatzen aritu baita garai horretan, Jose Ramon Ara- mendi senarrarekin batera. 80 urte bete zituen egunean, abenduaren 26an joan zen azkeneko aldiz Ordiziako plazara.
Zegaman jaioa da Lazkano, Anti baserrian. 11 senidetan 7.a, senide zaharragoen babesean hazi zela aitortu du. 14 urterekin Zegamako paper fabrikan hasi zen lanean, eta ezkondu arte han jardun zuen, hamar urtean. Gabiriako Noaretxeberri baserrira joandakoan (herrigunetik bi kilometrora dago), bizimodua eta lagunartea ez ezik —Zegamako kaleko giroan ohitua, «tristura» sentitu zuela dio inguru hutsean—, lanbidea ere aldatu zitzaion. Asteazkeneroko feriara hasi zen, Frantziska Garmendia amaginarrebaren bide berean.
«Ama Prantxikak esan zidan hasteko, ‘nik hartutako lau
txakur handiak ondo etortzen dira eta’». 1963a zen. Plazako postuan hasieran «lotsa» sentitzen zuen. «Ni ez nengoen hala ohituta. Baina jarri ginen, astetik astera».
Etxeko gaztainak
Lazkano Ordiziako ferian, 2014an. // A. Maiz
Gabiriako baserritik Ordiziara iristea zen lehenengo lana. Astoarekin trasteak beheko bidegurutzera atera, eta Barretxeren autobusean joaten ziren, saltzaile eta merkantzia. «Gorakoan, nekartzan gauzak astoan jarri, eta etxera. Bakailao gatzatua ekarri ohi nuen behintzat, handi horietakoa. Zintzilika jarri, tarteka pusketa ebaki, beratzen eduki, eta eder askoa egoten zen».
Erosi ahal izateko, baina, saldu egin behar aurretik. «Arrautza batzuk, babarruna, sagarra, gaztainak… etxean zegoena eramaten genuen. Intentzioa hartzen baduzu, gaur pixka bat atera eta dagoen garaian gehiago egin, izaten da zerbait. Bi gaztainadi genituen. Bat oraindik hor dago, bere tantaiarekin. Bestea handiagoa zen, baina Iberduero bi aldiz pasatu, eta dena lardaskatu zen; joan ere ez naiz egiten».
Papertegiko soldataren aldean, diru gutxiago lortzen da ferian. Baina ez da kexu, hala ere: «Ferian gutxiago. Baina gure segurua ere bagenuen. Orduko segurua daukat nik. Lehengo denei horixe aditzen zaie: pezeta bat hartzen baduzu ere, hori gehiago. Kosta egiten da».
Etxean hazitako untxiak ere eraman ohi zituen. Oilaskoak, asko ez. «Ni lotsatu egiten, eta aurrena zetorrenari ematen nizkion oilaskoak ez dakit zenbatean, gaizki salduta. Gehiago ez nituela eramango esan zidan anaiak», oroitu du Lazkanok.
«Hasieran, lotsasuta egoten nintzen plazan
postuan. Ez nengoen ohituta, baina jarri nintzen»
«Dena ez dut utzi nahi. Zenbat denbora
ez dakit baina joango naiz Zumarragara»
Ordiziakoaz gain, ostiraletan Legazpiko feriara ere joaten ziren Noaretxeberrikoak, astoan. Geroago, zapatuetan Zumarragara hasi ziren. Lehenengo ibilgailua duela 45 urte erosi zuten, Ordiziako Telletxea erroskileroarena izandako «furgoneta urdin handi bat».
Zumarragara segituko du
Ordizian, Eguberri bigarrenean, omenaldi eta esker on erakutsi mordoa jaso zuen Lazkanok. «Urduri eta emozionatuta, bietara nengoen. Ez dakit poztu nintzen edo ez; begiak busti, eta ez dakit zer egin nuen ere. Etxeko familia dena inguratu zen, beste jendea ere bai lepotik heldu eta musuka, alkatea
Zorionak kantatzera… Hori ez da ahazten, hor gelditzen da».
Baserriko eta negutegiko lan asko jada semeen eta biloben esku utzita dauzkate —16 urteko biloba bat ukuiluko lanak egitera etorri zaie, elkarrizketa garaian—. «Ez dut nahi inor akabatzen lanean aritzea. Neure seme-alabei esan nien hemengo lanagatik eskolarik uztea ez nuela nahi, eta bilobei orain berdin».
Zumarragako feriara joaten jarraituko du, aurrerantzean. «Dena ez nuen utzi nahi. Zenbat denbora, ez dakit. Osasunak eta gainerakoek esango dute». Bien bitartean, bizitzako eskolan, lanaren lezio luze bezain emankorra eman du Juanita Lazkanok.