Gorka Izagirrek irabazi du Grande Trittico Lombardo, Alex Aranburu bigarren dela
Azken muinoan erasoa jota bakarrik helmugaratu da ormaiztegiarra, eta Ezkiokoak Van Avermaet, Kwiatkowski eta Nibaliri hartu die aurre bigarren posturako esprintean. Albiste barruan dituzue ikusgai ospakizunaren bideoak eta lasterketaren bideo laburpena.
Egun handia izan da gaurkoa Italiako Lombardia eskualdean Astana Pro Teamentzat eta Goierriko txirrindularitzarentzat. Gorka Izagirre ormaiztegiarrak Gran Trittico Lombardo irabazi du azken muinoan erasoa jo ostean, eta Alex Aranburuk bigarren postua lortu du esprintean, Greg Van Avermaet, Michal Kwiatkowski eta Vincenzo Nibali bezalako punta-puntako txirrindulariei aurre hartuta.
Lehor hasi da 199,7 kilometroko lasterketa Legnanon, baina euripean bukatu da, eta zoru bustian duen abilezia baliatu du ormaiztegiarrak erasoa jo eta proba irabazteko. Bost txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia –Riesebeek (Alpecin-Fenix), Kuzmin (Gazprom-Rusvelo), Radice (Sangemini-Trevigiani Mg.Kvis), Hermans (Circus-Wanty Gobert) eta Baldaccini (Colpack Ballan)–, eta behin horiek harrapatuta taldetxo bat gelditu da lasterketa buruan, eta eraso gogor baten ondoren helmugara bakarrik iristea lortu du Izagirre anaietan zaharrenak.
Izagirreren eta Aranbururen adierazpenak
“Agian ez da nire bizitzako egunik onena izan, lasterketa hezea eta gogorra izan da, eta ez da erraza. Talde txikian geunden, Alex Aranburu eta ni. Elkarrekin geundenean eraso egiteko aukera aprobetxatu dut. Alex ere tipo jatorra da. Eraso egin dut eta maldan behera ezin ian naute harrapatu. Mundu guztia pozik dago berriro lasterketetan gabiltzalako. Joan den larunbatean egin nuen Strade Bianche eta gaur taldeak probatzeko askatasuna eman dit, eta aukera aprobetxatu dut. Oso pozik nago eta taldeari eskerrak eman nahi dizkiot!”, esan du Gorka Izagirrek.
“Gorka eta biok Euskal Herriko txirrindulari klub berean hasi ginen, beraz, niretzat oso berezia da gaur podiuma partekatzea berarekin. Erasoaren ostean, taldean mantendu naiz eta ezin izan dute Gorkak harrapatu . Energia aurreztu dut azken esprinterako eta bigarren amaitu dut Ziur arrakasta hau ospatuko dugula gauean taldearekin batera “, nabarmendu du Alex Aranburuk.
Sailkapena
1. Gorka Izagirre (Astana Pro Team)……. 4:41:02
2. Alex Aranburu (Astana Pro Team)…….27 segundora
3. Greg Van Avermaet (CCC Team)……….27 segundora
4. Michal Kwiatkowski (Team Ineos)……. 27 segundora
5. Vincenzo Nibali (Trek-Segafredo)………27 segundora
6. Jan Polanc (UAE Team Emirates)………27 segundora
7. Nicola Bagioli (Androni Giocattoli)……..27 segundora
8. Louis Vervaeke (Alpecin-Fenix)…………28 segundora
9. Alessandro De Marchi (CCC Team)…….30 segundora
10. Jhonatan Narvaez (Team Ineos)………..1:01era