Oihana Aranak irabazi du Lazkaoko saioa
Puntutan alde handia aterata, zuzenean sailkatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetara. Iñigo Gorostartzu eta Beñat Iguaran sailkatu dira gero. Seikoteko bi goierritarrak, Gorka Maiz gabiriarra eta Iban Urdangarin ataundarra, bosgarren eta seigarren izan dira.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako hirugarren saioa Lazkaoko Arerian jokatu da, gaur arratsaldean. Antzokiaren edukiera guztia bete dute entzuleek, 350 bat lagun. Aizpea Garmendia lazkaotarrak aurkeztuta, Beñat Iguaran, Oihana Arana, Julen Zulaika, Iñigo Gorostartzu, Iban Urdangarin eta Gorka Maiz eseri dira –ordena horretan–, oholtzan.
Oihana Arana eskoriatzarrak irabazi du saioa, eta, horrenbestez, zuzenean igaro da final-laurdenera (Errenterian kantatuko du, urriaren 20an). 501,5 puntu batuta, kantukideekiko alde nabaria atera du, eta behin-behineko sailkapen orokorrean aurreneko postuan kokatu da. Ia bertso guztietan estutu du Aranak, izan esamoldea, izan errima edo izan arrazoia. Zortziko handiko ariketan, ganbaran eta hamarreko txikikoan puntuatuena izan da.
Lazkaon, bigarren postua Iñigo Gorostartzu berastegiarrarentzat izan da. Bukaerako agurrean aitortu du gogotsu joana zela. Bertsokera seguruarekin, 471,5 puntu bildu ditu. Puntu-kopuruz jada beste koska batean, hirugarren Beñat Iguaran billabonarra sailkatu da, eta laugarren Julen Zulaika zarauztarra.
Bertsolaria | 8 handi | 8 txiki | ganbara | 10 txiki | 4 handi kopla |
Guztira |
Oihana Arana | 98 | 95 | 106,5 | 105 | 97 | 501,5 |
Iñigo Gorostartzu | 96 | 92 | 88,5 | 100,5 | 94,5 | 471,5 |
Beñat Iguaran | 84 | 95,5 | 85,5 | 92 | 97,5 | 454,5 |
Julen Zulaika | 89,5 | 89 | 88,5 | 90 | 85 | 442 |
Gorka Maiz | 89,5 | 91,5 | 87 | 89 | 84,5 | 441,5 |
Iban Urdangarin | 87,5 | 89,5 | 73 | 79 | 104 | 433 |
Bi goierritar ziren Arerian kantuan. Gorka Maizek bosgarren egin du. Azken agurrean, bertsolaritzari ere agur esan dio. Gipuzkoako udaberriko lehiaketatik txapelketara sailkatuta, eta puntuazioz aukerarik gabe geratu ondoren, bertsolaritza utziko duela iragarri du, eta “bidean datorrenari” kantatuko diola aurrerantzean. Iban Urdangarinek berak azaldu du saioan zehar izan dituen gora-beherak, agurrean. Joaldi umoretsu batzuk utzi ditu, hala ere.
Lazkaoko saioaren sailkapena:
1. Oihana Arana (Eskoriatza), 501,5 puntu
2. Iñigo Gorostartzu (Berastegi), 471,5
3. Beñat Iguaran (Villabona), 454,5
4. Julen Zulaika (Zarautz), 442
5. Gorka Maiz (Gabiria), 441,6
6. Iban Urdangarin (Ataun), 433
Elgoibarren bihar hiru goierritar
Bihar, igandea, Elgoibarren jokatuko da laugarren saioa (Herriko Antzokian, 17:00etan). Hiru goierritarrek kantatuko dute: Eneko Araiztegi segurarrak, Iñaki Apalategi beasaindarrak eta Uxue Fernandez urrexuarrak. Unai Izagirrek, Eli Pagolak eta Libe Goenagak osatuko dute seikotea.
Argazkiak: Aimar Maiz