Legazpiko errekak garbitzeko 70 herritar elkartuko dira larunbatean
Erreka Egunaren 20 edizioa izango da. Aurten, Plazaolan eta Mirandaolan Urola ibaiaren ertzean dauden informazio panelak berritu dira. Ekintza honekin, Legazpiko Udalak bat egin du Let 's Clean Up Europe Europako kanpainarekin.
Legazpiko Erreka Egunaren 20. edizioa egingo da larunbatean, herritik igarotzen den Urola ibaiaren tartea eta beste erreka batzuk garbitzeko asmoz. Gaur eguerdian aurkeztu du ekitaldia Oscar Valbuena Garapen iraunkorreko zinegotziak Susana Torregarai udal teknikariak eta Domingo Agirre, Olazabal eta Haztegi ikastetxeetako ordezkariek lagunduta.
Valvuenak azaldu duenez, “tamalez, ibaiek kutsatuta jarraitzen dute, eta eragin zuzena dute ibaiei lotutako ekosistemen biziraupenean, itsas ingurunea barne, galera ekonomiko eta ingurumenekoak eraginez”. Legazpik “fenomeno horretatik” ez duela ihes egin nabarmendu du, eta ezinbestekotzat jo du “administrazio publikoek eta herritarrek, oro har, elkarlanean jarraitzea espazio horiek babesteko eta lehengoratzeko”. Eta esparru horretan kokatu du Erreka Eguna.
“Gure ingurumena zaintzeko eta sentsibilizatzeko deia” dela esan du.
Aurten, berritasunak
Aurtengo Erreka Egunak bi berritasun izango dituela ere iragarri du. Batetik, Urola ibaiko biodibertsitateari buruzko bi informazio panelak berritu da, Plazaolakoa eta Mirandaolakoa. Irudia berritu eta “ukitu modernoagoa” eman diete, eta nabarmendu nahi izan dute herritarren portaerak ibaiaren ingurumen egoeran duen garrantzia, hau da, jendearen erantzunkidetasuna. “Ibaia garbi dagoen heinean, haren egoera ona bultzatuko dugu, bai biodibertsitatearentzat, bai gure gozamenerako”, esan du.
Bestetik, Legazpik bat egin du Let ‘s Clean Up Europe Europako kanpainarekin bat egin izana azpimarratu du. Europa osoan zabaldu den kanpaina hau Hondakinen Prebentziorako Europako Asteak (EWWR) sustatu du, eta garbiketa garbiketa ekintzak eginez, herritarrak “lurzoru osasungarria eta hondakinik gabea mantentzearen garrantziaz” sentsibilizatzea du helburu, pertsonentzako eta ingurumenerako zerbitzu ugariren iturri baita.
Ikastetxeen laguntza
Aurten ere herriko hiru ikastetxeren laguntzarekin egingo da Erreka Eguna, eta Valbuenak eskerrak luzatu dizkie Domingo Agirreko, Haztegiko eta Olazabaleko ikasleei eta irakasleei. Nerabe Zerbitzuak ere parte hartuko du.
Edizio honetan 70 legazpiar inguru izango dira errekak garbitzen, ikasleak, irakasleak, gazteak eta udaletxean izena eman dutenak zenbatuta. Bihartik aurrera, www.legazpi.eus webgunean kontsulatu ahal izango dute zein talde egokitu zaien.
Larunbatean 09:30ean elkartuko dira guztiak plazan, eta bertan, talde bakoitzari ibaiaren eremu bat eta garbiketarako behar den materiala esleituko dizkiote. Bi ordu inguruko lana izango da erreka garbitzea, eta amaitzean, bildutako hondakin guztia pisatu, eta erakusgai jarriko da egun batzuetarako, plazan. Amaieran, Kattagorri elkarteak prestatutako hamaiketakoa banatuko diete partaideei.