Leire Artola, EAJren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan
Leire Artola Ugalde izango da 2023ko udal hauteskundeetarako EAJren alkategaia. Artolak jelkideei proposamena egin izana eskertu die eta erronkari «gogotsu» helduko diola esan zuen atzo arratsaldean Batzokian egindako agerpenean.
Beasaingo alkate jeltzaleak izan zituen gogoan, bereziki Joxean Imaz eta Juanito Lasa. Batzokian beraiengandik ikasitakoa baliagarria izango zaiola aipatu zuen, transmisioaren garrantzia nabarmenduz. Beasaingo EAJtako juntakideentzat eta militanteentzat ere esker oneko hitzak izan zituen. Politika talde-lana dela zehaztu zuen.
«Ondo dagoena mantentzeko eta hobetu beharrekoa hobetzeko» proiektua onduko dutela aurreratu du. Hobetzekoen artean ingurumena, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta euskararen erabilera aipatu zituen.
Aitor Aldasoro juntakideak Artola hautagai «ideala» dela esan zuen, «Beasaingo Udalean hamar urte baino gehiago daramatzalako». Halere, izen bat baino gehiago proiektu bat egituratu behar dela esan zuen, eta «horretarako denbora behar denez», ekitea erabaki dutela azaldu zuen. Zuzendaritzak alkategaia erabakitzeko prozesua urtarrilean hasi zuela gogoratu zuen eta Artolaren izena aho batez babestu zutela.