Udal gobernuaren gezurrak
Beste behin ere, gezurrak ahotan dabil udal gobernua, Beasainen geroari buruzko bere ikuspegia, bai ala bai, garatuko dela defendatzeko.
Beste behin ere, gezurrak ahotan dabil udal gobernua, Beasainen geroari buruzko bere ikuspegia, bai ala bai, garatuko dela defendatzeko. Horretarako, gainera, baliabide publikoak erabili ditu. Urtarrilaren 4an, udal webgunea (denona) baliatuz, Espainiako Sustapen Ministerioak, trenbidearen saihesbidea egingarri ote den aztertzeko, informazio lanak kontratatzeko deialdia egin duela jakinarazi zigun. Horraino dena ondo. Azken baten, horixe zen 2017 eta 2018rako PPren Estatuko aurrekontuei baiezkoa emateko negoziatu zuten puntuetako bat: 150.000 € 2017ko aurrekontuetan eta 300.000 € 2018koetan. Gogoratzen 2018ko PPren Estatuko aurrekontuak? Horiexek ziren Kataluniarako 155. artikuluaren aplikazioa deuseztatu ezean onartuko ez zituztela esan, baina hori gertatu aurretik baiezkoa eman zietenak.
Orain, saldu nahi digu balizko lan horien ondorioz libre geratuko den lurzorurako «aurreikusita daudela merkataritza guneak, aisialdirako eta kirolerako espazioak, etxebizitzak eta abar». Eta hori beraien buruan bakarrik dago aurreikusita. Beasainek ez du bere plangintzan halako aurreikuspenik. Are, herritarren parte hartze prozesu bat dauka oraintxe martxan udalak, hain justu, Hirigintza Plan berriak nondik nora diseinatu beharko lukeen Beasainen geroa ebazteko. Errespetu falta galanta prozesu horretan parte hartzen ari diren herritarrekiko.
Hori guztia gutxi ez, eta «garraio eraz aldatzeko geltoki edo estazioa eta 1 nazional (zein naziotakoa?) errepiderako sarbide eta irteera ere eraikiko dira» dio. Beste behin ere, bai ala bai, gobernuak nahi duena egingo dela, alegia. Halakorik ere ez baitago, oraindik behintzat, Beasainen indarrean dagoen inongo planetan jasoa. Gainera, alkate jaunaren elkarrizketa bat aireratu zuen Euskadi Irratiak albistegietan, ideia berbera defendatzen zuena, urtarrilaren 8an.
Urtarrilaren 9an, webguneko testu hori sotilki, inori ezer esan gabe eta barkamenik eskatu gabe aldatu dute, eta honakoa dio orain: «Baldin eta hau gauzatuko balitz, gune horretan eremu berdeak, merkataritzarako guneak, aisialdirako eta kirolerako espazioak, etxebizitzak eta abar aurreikusiko lirateke. Honetaz gain garraio eraz aldatzeko geltoki edo estazioa eta 1 nazional errepiderako sarbide eta irteera ere eraikitzeko aukera egongo litzateke».
Udal gobernuak ikasi behar du egia bere desioetatik bereizten, herritarrei errespetua agertzen, barkamena eskatzen gauzak gaizki egiten dituenean eta lehia elektoralean guztionak diren baliabideak ez erabiltzen.
– Aitor Jauregi Larrañaga (Beasaingo EH Bilduren izenean)