Jende askok parte hartu du Zegaman Keramika Topaketetan eta oso gustura daude antolatzaileak
Atzo egin zituzten Zegaman III. Keramika Topaketak Euskal Keramikagile Garaikideak taldeak eta Zegamako Udalak antolatuta. «Uste baino jende gehiagok» parte hartu zuen eta oso gustura daude antolatzaileak jasotako erantzunarekin. Raku deritzon keramika egosketa berezia izan zuten oinarrian jardunaldiek. Raku-ak keramika prozesu oso bat ikusteko aukera ematen du: esmaltatzetik hasi, egosketa-prozesuarekin jarraitu eta azken emaitza ikusterainokoa. Eta hori guztia denbora tarte labur batean. Adolfo Giner keramikagile aragoarra teknika horretan espezialista da eta Zegaman izan zen atzo, martxoak 6, gonbidatu berezi gisa. Haren eskutik, hainbat Raku teknika eta antzeko teknikak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan zuten topaketetan parte hartu zutenek. Leku askotako jendea Maite Salutregi EKGko kideak jakitera eman zuenez, leku askotako keramikagileak eta keramika ikasleak izan ziren bertan: hala nola, Bizkaikoak, Arabakoak, Miranda de Ebrokoak (Burgos)… «Besteak beste, Zumarragako, Urretxuko, Beasaingo eta Idiazabalgo gure ikasleek ere parte hartu zuten». Salutregiren hitzetan keramika munduan ez dira ohikoak horrelako topaketak eta oso aberatsa izan zen. «Ikusmin handia zegoen eta jendeak gogotsu parte hartu zuen, bere piezak dekoratuz eta Adolfo Giner adituari Raku teknikari buruz hainbat galdera eginez». Lehen egosketa 10:30ean Goizeko hamarrak aldera labeak piztu zituzten antolatzaileek eta egunean zehar egosi beharreko piezak prestatu zituzten. Ordu erdi beranduago egin zuten lehen egosketa Aitxuri [...]
Atzo egin zituzten Zegaman III. Keramika Topaketak Euskal Keramikagile Garaikideak taldeak eta Zegamako Udalak antolatuta. «Uste baino jende gehiagok» parte hartu zuen eta oso gustura daude antolatzaileak jasotako erantzunarekin.
Raku deritzon keramika egosketa berezia izan zuten oinarrian jardunaldiek. Raku-ak keramika prozesu oso bat ikusteko aukera ematen du: esmaltatzetik hasi, egosketa-prozesuarekin jarraitu eta azken emaitza ikusterainokoa. Eta hori guztia denbora tarte labur batean. Adolfo Giner keramikagile aragoarra teknika horretan espezialista da eta Zegaman izan zen atzo, martxoak 6, gonbidatu berezi gisa. Haren eskutik, hainbat Raku teknika eta antzeko teknikak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan zuten topaketetan parte hartu zutenek.
Leku askotako jendea
Maite Salutregi EKGko kideak jakitera eman zuenez, leku askotako keramikagileak eta keramika ikasleak izan ziren bertan: hala nola, Bizkaikoak, Arabakoak, Miranda de Ebrokoak (Burgos)… «Besteak beste, Zumarragako, Urretxuko, Beasaingo eta Idiazabalgo gure ikasleek ere parte hartu zuten».
Salutregiren hitzetan keramika munduan ez dira ohikoak horrelako topaketak eta oso aberatsa izan zen. «Ikusmin handia zegoen eta jendeak gogotsu parte hartu zuen, bere piezak dekoratuz eta Adolfo Giner adituari Raku teknikari buruz hainbat galdera eginez».
Lehen egosketa 10:30ean
Goizeko hamarrak aldera labeak piztu zituzten antolatzaileek eta egunean zehar egosi beharreko piezak prestatu zituzten.
Ordu erdi beranduago egin zuten lehen egosketa Aitxuri herri eskolako patioan: pieza krakelatu zurien eta turkesen egosketa, hain zuzen.
Rakuan egindako krakelatu zuriak eta turkesak lortzeko bizkotxatutako piezei mota desberdineko esmalteak eman zizkieten parte-hartzaileek eta ondoren Ginerrek erreduzitu egin zituen krakelatua lortzeko.
11:30etan Raku egunaren aurkezpen ekitaldia egin zuten Aitxuri herri eskolako gimnasioan eta Adolfo Ginerrek bere ibilbide profesionalaren berri eman zuen. Gimnasioan Ginerrek egindako hainbat lan zeuden ikusgai.
Eguerdiko hamabietan Raku biluzia izeneko teknikaren bidez egindako piezak egosteari ekin zioten. Teknika horretan keramikagileak pastaren eta esmaltearen artean erreserba bat ematen du. Erreserba horri esker, hozte prozesuan esmaltea ez da buztinean itsasten eta horrela, kearen ondorioz piezaren gainean gainazal bat eratzen da.
Arratsaldeko lauretan Kobre matea teknika jorratu zuten. Kobre matea Rakuaren aldaera bat da. Adolfo Ginerrek jakitera eman zuenez, teknika hori erabili ondoren, egindako piezak bukatutakoan nolakoak izango diren aurreikustea zaila izaten da. «Keramika piezek berde kolorea, urdina, doratua… har ditzakete».
Bukaeran berriz ere kobre matea teknika jorratu zuten, baina soldagailua erabilita, piezen azken itxura aldatzeko.
Raku herrikoia
Keramikagileez eta keramika ikasleez gain, Zegamara hurbildutako herritarrek ere izan zuten aukera keramikagintzarekin lehen hartu-emana izateko «gure helburuetako bat adituei ez ezik herritarrei ere keramika garaikidea hurbiltzea baita» zioen Salutregik. Horrela, Euskal Keramikagile Garaikideak elkartekoek bizkotxatutako keramika pieza txikiak jarri zituzten parte hartzaileen eskura eta pieza horiek prezio sinbolikoan eskuratu ahal izan zituzten herritarrek, haurrek zein helduek.
Norberak bere pieza nahi zuen moduan esmaltatu ondoren, antolatzaileek labeetara eramaten zituzten. Herritarrek piezen egosketa prozesua bertatik bertara jarraitzeko aukera izan zuten eta baita pieza horiek zerrauts artean jartzean gertatzen den erredukzio-prozesua ikusteko ere. Salutregiren hitzetan «umeak esaterako, beraien piezak dekoratu eta prozesu guztia bukatu arte ez ziren mugitu ere egin. Interes handiarekin jarraitu zituzten urrats guztiak eta gurasoak ere alboan izan zituzten. Oso polita izan zen».
Arratsaldeko seietarako topaketak jada bukatuta izatea aurreikusten zuten, baina 20:30ean oraindik lanean ari zirela aipatu du Salutregik. «Plazer bat izan zen. Jendearen jakin-mina eskertu egiten da». Adolfo Giner aditua ere gustura geratu zela esan du EKGko kideak. «Lan asko egin zuen. Piezak labean zein zerrautsetan sartzeaz gain, jendearen galderak eta zalantzak ere patsadaz erantzun zituen».
Ikus-entzunezkoak
Keramika gaitzat duten hainbat ikus-entzunezko ere proiektatu zituzten eta egunean bertan egositako piezekin erakusketa txiki bat ere jarri zuten. «Labeak martxan egon ziren denbora guztian eta ikus-entzunezkoak ere jende askok ikusi zituen».
Azkenik, Salutregik Zegamako Udalak egiten duen lana goraipatu zuen. «Aurtengoa hirugarren edizioa da, baina urtero antolatzeko asmoa dago. Keramika arloan Euskal Herrian egiten den lana plazaratzeko aukera ematen digu Zegamako Udalak eta eskerrak eman nahi dizkiogu».












