Adelaida Prieto eta Jose Ramon Ibeas: «Itzulera oso gogorra izan zen»
Adelaida Prieto (Legazpi, 1949) eta Jose Ramon Ibeas (Irun, 1934) 36ko Gerran hildako pertsonen senitartekoak dira. Prietoren amonak 12 senide galdu zituen, eta Ibeasek, berriz, amona bera galdu zuen. Bien familiek, elkar ez ezagutu izanagatik ere, bide bertsua jarraitu zuten deserrian, lehenago Frantzian eta gero Katalunian. [Adelaida] Zure amonak 12 senitarteko galdu zituen 36ko gerran… A. Prieto: Josefa Zufiaurre zen nire amona. Gerran galdu zituen zuzeneko senitartekoak 12 dira. Bi anaia galdu zituen, Eloy eta Isidro. Eloy guduan hil zen, baina Isidro ez, nahiz eta historiak hori dioen. Loiolako koartelera joan zen, anaia han zegoela esan ziotelako. Koartelean sartu egin nahi izan zuen, baina ez zioten utzi. Sarreran bertan metrailatu zuten. Amona, haurdun joan zen ihesi, nire amarekin eta beste haur txiki batekin. Haurra gaixo hil zen, Frantzian. Espero zituen bikiak ere galdu egin zituen. Obus baten leherketak nire ama harrapatuta utzi zuen. Emakume bat bere gainera bota zen, eta bizitza salbatu zion. Amonak, ordea, bere alaba hil egin zela uste zuen eta andrea gainean zuenez, ez zuten nire ama aurkitzen. Disgustuaz, espero zituen haurrak bertan galdu zituen. Lurperatu egin zituzten, baina ez dakite non. Aitonaren anaia ere guduan hil zen. Urte askoan zehar seme bat hilda zegoela uste izan [...]
Adelaida Prieto (Legazpi, 1949) eta Jose Ramon Ibeas (Irun, 1934) 36ko Gerran hildako pertsonen senitartekoak dira. Prietoren amonak 12 senide galdu zituen, eta Ibeasek, berriz, amona bera galdu zuen. Bien familiek, elkar ez ezagutu izanagatik ere, bide bertsua jarraitu zuten deserrian, lehenago Frantzian eta gero Katalunian.
[Adelaida] Zure amonak 12 senitarteko galdu zituen 36ko gerran…
A. Prieto: Josefa Zufiaurre zen nire amona. Gerran galdu zituen zuzeneko senitartekoak 12 dira. Bi anaia galdu zituen, Eloy eta Isidro. Eloy guduan hil zen, baina Isidro ez, nahiz eta historiak hori dioen. Loiolako koartelera joan zen, anaia han zegoela esan ziotelako. Koartelean sartu egin nahi izan zuen, baina ez zioten utzi. Sarreran bertan metrailatu zuten. Amona, haurdun joan zen ihesi, nire amarekin eta beste haur txiki batekin. Haurra gaixo hil zen, Frantzian. Espero zituen bikiak ere galdu egin zituen. Obus baten leherketak nire ama harrapatuta utzi zuen. Emakume bat bere gainera bota zen, eta bizitza salbatu zion. Amonak, ordea, bere alaba hil egin zela uste zuen eta andrea gainean zuenez, ez zuten nire ama aurkitzen. Disgustuaz, espero zituen haurrak bertan galdu zituen. Lurperatu egin zituzten, baina ez dakite non. Aitonaren anaia ere guduan hil zen.
Urte askoan zehar seme bat hilda zegoela uste izan zuen…
A.P.: 1944an agertu zen. Amonak konortea galdu zuen emozioagatik. Frantzian, Gurseko kontzentrazio eremuan egona zen. 1939an nazie atxilotu zuten eta 1944an irten zen, aliatuen etorrerarekin. Bi urtera hil egin zen. Bi iloba ere galdu zituen amonak frontean, eta senarra ere gerraren ondorioz hil zitzaion, urteetara.
Patrizio Etxeberriak lagundu zion…
A.P.: Bai, preso hartu eta heriotz zigorra ezarri zioten eta Patriziok [Etxeberriak] gestioak egin zituen aske utz zezaten. Lehenago gure aitonak gauza bera egin zuen Patriziorekin. Errepublikarrak etorri zirenean, Patrizio ere kondenatu egin zuten, baina aitonak, bera zegoen bitartean herrian ez zela inor hilko esan zuen. Kontrako egoera iritsi zenean, Patriziok gauza bera egin zuen aitonarekin. Espetxetik gaizki atera zen ordea, eta urteetara hil zen. Gerra ondorenean ere egunero joan behar izan zuen Goardia Zibilaren koartelera. Behin, sukarrarekin esnatu zen, eta ama bidali zuten koartelera, aitak ezin zuela jaitsi esatera. Jaistera behartu zuten, eta jipoitu egin zuten gainera, berandu jaitsi zelako.
Jose Ramon Ibeas Irungoa zara jaiotzez. Frantziako erbestealdia ezagutu zenuen lehenik eta Kataluniakoa ondoren, Legazpira etorri aurretik.
J.R. Ibeas: Nik bi urte nituen eta amonarekin eta gurasoekin bizi nintzen Irunen. Frantziara ihes egin genuen. Inmunitate garantia moduko bat zen. Hilabete eta gutxira, baina, Bartzelonara eraman gintuzten asko eta asko. Graciako pasealekuan eman ziguten bizitokia, burgesiak utzitako pisuetan, beste hainbat familiarekin batera. Denbora gutxira, ordea, portura eraman gintuzten. Gurasoek begi onez ikusi zuten hasieran, portuak aukera gehiago eskaintzen baitzituen. Hura, ordea, infernua zen. Gurasoak bonbardaketez oroitzen ziren. Portua itsasotik eta airetik bonbardatzen zuten. Borroka asko egin ondoren, amak handik atera gintzaten lortu zuen. Periferiara bidali gintuzten, Verdun auzora.
Auzo hura lasaiagoa al zen?
J.R.I.: Han lasaiago geunden, baina zerbitzu handiak Bartzelonan egonik, zailtasunak genituen. Gosea ikaragarria zen. Amak, 80 kilo ingurukoak, 37 kilo pisatzen zituen Bartzelonatik etorritakoan. Ez zegoen jatekorik. Kargamentu gutxi iristen ziren, itsasontziak torpedoz erasotzen baitzituzten. Reus ingurutik noizbehinka janariz betetako kamioiak etortzen ziren, eta jende guztia arrapaladan joaten zen. Janaria bota egiten zuten kamioietatik. Haietako arrapalada batean, azaz betetako kamioi baten inguruan, gure amona aza bat hartzen saiatu zen, eta lurrera bota zuten. Zapaldu egin zuten. Aldaka hautsi zioten. Horren ondorioz hil zen, Verdunen. 1939an itzuli ginen.
Frantziako erbestealdia ezagutu zuten, beraz, zuen familiek…
J.R.I.: Frantziako mugarekiko naturaltasunak jendeari igarotzen ez uzteko zailtasunak ematen zituen: itsasoz, menditik edo errepidez igaro zitekeen. Gu Landetako hondartza batzuetara eraman gintuzten. Kanpin denda militarrak zeuden han. Hondartzetan komunen gisako kontuak inprobisatu egin behar izan genituen, eta kontuan izan behar da adineko jende asko zegoela han. Nire gurasoek beti pentsatu izan zuten frantsesek jaso eta egoki tratatu gintuztela, baina ez gintuzten han nahi. Frantziara abuztu hasieran igaro ginen eta irailaren 30erako Bartzelonan geunden jada. Ahal bezain azkarren bidali gintuzten.
A.P.: Nik bi bertsioak ditut. Egia da Espainiatik joandako errefuxiatuak baztertuta zituztela. Hala ere, nire amak jaso zituzten sendien oroitzapen oso onak ditu. Baserrietan lagundu zieten.
Erbestealdian sorpresarik ere izan zuen amonak…
A.P.: Santanderren, Frantzian eta Katalunian egon zen. Bizitzan kasualitateak ez daude, kausalitateak daude, eta hauetako batean, ihesi zebiltzala, mendian haur bat erditzen lagundu behar izan zuen. Katalunian gertatu zen hori. Emakume bat erditzekotan zegoen, eta haurdunaldia zailtasunez betea zetorrela esan zioten, eta ea laguntzera joan zitekeen, amona emagina baitzen, besteak beste. Hara joan, eta erditzekotan zegoena bere erraina zela ikusi zuen. Gerratik ihesi nor bere aldetik irten zen, eta Katalunian, mendian, elkartu ziren.
Nolakoa zen herrira itzulera?
A.P.: Lehen, maila soziala prestatutako oheetan neurtzen zen. Amak zioen, joaterakoan, zazpi ohe zituztela, arreo osoarekin. Itzultzerakoan ez zegoen ezer ere ez. Amona eta nire ama soilik itzuli ziren. Senarra espetxean zuen eta beste semea hilda zegoela uste zuen. Inguru guztian ere horrela zen. Legazpin bizi zen amonaren ahizpa Nafarroara joan zen, senitarteko batzuengana. Espetxean sartu zuten, estraperloan gauzak ekartzen zituelako. Trena geltokia igarota motel joaten zen, makinistari ordainduta, noski. Brinkola inguruan janari zakuak botatzen hasten ziren. Amonak, ordea, lana aurkitzeko zailtasunak izan zituen. Hor ere, Patrizio Etxeberriak, aitonak berarekin egin zuena eskertuz, pentsio bat irekiko zuela esan zion. Galiziatik 55 pertsona etorri ziren Zumarragatik fabrikarako trenbidea egitera. Amona pentsioaren kargu jarri zuen eta janaririk behintzat ez zen falta izan. Erbestealdiko itzulera oso gogorra izan zen. Asko irten ziren etxetik eta eurak biak soilik itzuli ziren.
J.R.I.: Gerra amaitu zenean, Legazpira etortzea pentsatu genuen, han ez baikenuen egitekorik. Aita beldur zen, ordea, Bartzelonan harrapatzen bazuten hango espetxean sartuko zutela uste baitzuen, gorria izateagatik. Horrek familiarekin harremana asko zaildu zuen. Horregatik, ama eta biok tren normal batean etorri ginen, eta aita, Renfen ibilitakoa izanagatik lagunak zituena, ezkutuan etorri zen, beranduago. Legazpira etorri ginen, gure amona Mantxola baserrian jaiotakoa baitzen. Hona etorri ginenean, Tia Maria deitzen genionaren etxean sartu ginen, Saturnino Telleria plazan. Ez zen gure senitartekoa, baina gure egoeran zegoen jendea jasotzen zuen.
Zuen aita preso sartu zutenean amak ere lanak aurkitzeko zailtasunak izan zituen, ala?
J.R.I.:Limosnatik bizi ginen, ez baikenuen ezer ere ez. Aita etorri zenean, komisario politikoaren aurrean aurkeztu zen. Hau Gardia Zibilaren koartelarekin harremanetan zegoen eta handik Ondarretako espetxera bidali zuten. Ama dirua lortzen saiatu zen, eta lan bila hasi zen. Bi-hiru hilabetera papertegian hasi zen. Kosta egin zitzaion lana aurkitzea. Aita 1939ko maiatza aldera etorri zen. Urtebete inguruz espetxean egon zen, eta lanean 1942. urtean hasi zen. Denbora tarte horretan ziurrenik ez zuen lanik izango, kuarentena moduko bat zegoen.
Kontu korronteko diruarekin ere arazak izan zenituzten…
J.R.I.: Nire gurasoek aurrezkiak zituzten Gipuzkoako Caja de Ahorros Probintzialean. Itzultzean, kutxak ez zituen aurrezkiak aitortzen. Hirurok lan eginda ere ez zitzaigun bizitzeko adina iristen.
Nola bizi izan dituzue Legazpiko Udalak egin dituen omenaldiak?
A.P.: Gerran pasatako kontu asko entzunak dituzu, baina kontatzen ari zarenean, ez dakizu zenbateraino sinestu ditzakezun. Liburu honekin, ikusi dut, ez soilik gauza horiek guztiak egia zirela, baizik eta uste genuena baino askoz gehiago zela. Asko eskertzen dugu, ezagutzen ez genituen gauzak ezagutu ahal izan ditugulako. Sekulako lana egin dute. Nire ama ere, liburuarekin, ahaztuta zituen gauzak oroitzen hasi da. Oso polita da norbaitek lan hau guztia egin duela ikustea, eta ez dela ahaztuko. Jende anonimo hori guztia, ez dira heroiak izan, baina hor daude. Gauza askotaz hitz egitea tabua zen, baina hori puskatu egin du liburuak.
J.R.I.: Ni, nire amona nire memorian soilik bizi zenaz kontziente nintzen. Irabazleek euren hildakoak sekulako pentsioekin goratu zituzten. Galtzaileek, aldiz, ez genuen izenik ere. Liburuaren berri izatean, egileekin harremanetan jarri nintzen, eta bai horien aldetik eta baita udalarenetik ere, oso erantzun ona jaso nuen. Azkenean, liburuan ere jaso zuten amonaren aipamena eta artxiboetan sartzea ere lortu genuen.Oso pozik gelditu naiz.
Sail honetako artikuloak:
• Gogoratzearen garrantziaz
• Goierri okupatu zutenekoa












