Anton, Sastre eta ‘Purito’ Rodriguez Ordiziako Klasikan izango dira 25ean
Iaz hamalau izan baziren, aurten hamabi txirrindulari talde batzea lortu du Ordiziako Klasika antolatzen duen Txapel-Gorri elkarteak. Kopurua, normalean, kalitatearen onerako izan ohi da, baina talde gutxiago izanagatik, punta-puntako txirrindulariak izango dira aurten ere Ordizian. Euskaltel-Euskadi Igor Antonekin eta Mikel Nieverekin izango da Ordizian, Katuxak Joaquin Purito Rodriguez izango du taldeburu, eta Frantziako Tourretik kanpo geratu den Geox-TMC taldea Carlos Sastrerekin dator. «Antonek eta Nievek Italiako Giroko mendiko etapa nagusiak irabazi dituzte aurten, Purito Rodriguezek Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko Zumarragako etapa, beste hainbat garaipenen artean, eta Carlos Sastre Tourra irabazitakoa da». Ordiziako Klasikaren koordinatzaile nagusi Jose Luis Sanzen arabera, «zenbait ahotsek» diote Gorka Izagirre iazko irabazlea ere Ordizian izan daitekeela Tourretik bueltan, garai batean Marino Lejarretak egiten zuen bezala. «Etortzen bada berak irabaz dezake, bestela, lehen ere Ordizian irabazitakoa den Rodriguezek». Goierriko bi txirrindulari ere izango dira: Jon Izagirre ormaiztegiarra eta Garikoitz Bravo lazkaotarra. Euskal Herrian egun bakarrean jokatzen den probarik zaharrena da Ordiziako Klasika. 88. ekitaldia du aurten, baina proba aurrera ateratzea gero eta gehiago kostatzen da, Sanzek dioenez. «Udalak eutsi dio orain artekoari, baina Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren zain gaude». Betiko babesleei eskerrak eman dizkie, eta txirrindulazaleei gogoratu die urtean 31 euro ordainduta lasterketari lagundu diezaioketela. Felix Bidaurretari [...]
Iaz hamalau izan baziren, aurten hamabi txirrindulari talde batzea lortu du Ordiziako Klasika antolatzen duen Txapel-Gorri elkarteak. Kopurua, normalean, kalitatearen onerako izan ohi da, baina talde gutxiago izanagatik, punta-puntako txirrindulariak izango dira aurten ere Ordizian. Euskaltel-Euskadi Igor Antonekin eta Mikel Nieverekin izango da Ordizian, Katuxak Joaquin Purito Rodriguez izango du taldeburu, eta Frantziako Tourretik kanpo geratu den Geox-TMC taldea Carlos Sastrerekin dator.
«Antonek eta Nievek Italiako Giroko mendiko etapa nagusiak irabazi dituzte aurten, Purito Rodriguezek Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko Zumarragako etapa, beste hainbat garaipenen artean, eta Carlos Sastre Tourra irabazitakoa da». Ordiziako Klasikaren koordinatzaile nagusi Jose Luis Sanzen arabera, «zenbait ahotsek» diote Gorka Izagirre iazko irabazlea ere Ordizian izan daitekeela Tourretik bueltan, garai batean Marino Lejarretak egiten zuen bezala. «Etortzen bada berak irabaz dezake, bestela, lehen ere Ordizian irabazitakoa den Rodriguezek». Goierriko bi txirrindulari ere izango dira: Jon Izagirre ormaiztegiarra eta Garikoitz Bravo lazkaotarra.
Euskal Herrian egun bakarrean jokatzen den probarik zaharrena da Ordiziako Klasika. 88. ekitaldia du aurten, baina proba aurrera ateratzea gero eta gehiago kostatzen da, Sanzek dioenez. «Udalak eutsi dio orain artekoari, baina Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren zain gaude». Betiko babesleei eskerrak eman dizkie, eta txirrindulazaleei gogoratu die urtean 31 euro ordainduta lasterketari lagundu diezaioketela.
Felix Bidaurretari omenaldia
Bost aldiz igoko dira txirrindulariak Abaltzisketara, eta azken bi itzulietan Altzora ere bai, 167,5 kilometroko ibilbidea osatzeko. Felix Bidaurreta omenduko dute aurten, 1942an proba irabazi zuen 90 urteko irundarra. Ohi bezala, hilaren 25ean izango da proba.













