«Bigarren etxeak betetzera jo nahi dugu, ez proiektu berriak garatzera»
Azeari Andonegi (Lazkaoko alkatea) Krisi garaiari egokitutako udal kudeaketa, demokrazia parte-hartzailea eta herritarren inplikazioa lortu nahi ditu Bilduk Lazkaon. Maiatzeko udal hauteskundeetan Lazkaon Bilduk irabazi zuen, eta gehiengo osoa du Udalbatzan. Azeari Andonegi alkatea (Lazkao, 1976) neurria hartzen ari zaio langintzari, erakunde publikoetan lehen aldiz kargua hartuta. «Jakinminez» da herrian zer gertatzen den jakiteko. Udaletxera joateko gonbita egin die herritarrei, «ea arazoak eta zalantzak argitzen edo bideratzen ditugun». Berrogei egun dira alkate zarenetik. Nola joan da denbora hori? Oso harrera ona eduki genuen, bai eraketa egunean, bai teknikariengandik. Dagoen teknikari eta lan-taldearekin oso gustura nago, udalaren martxan pisu gehiena beraiek eramaten dute. Bestela, EAJren aldetik, utzi dutenak prest agertu dira laguntzeko. Komunikazioa egon da, eta eskertzen diegu. Zertarako astia izan duzue? Udalaren ezaguera egiteko. Zer proiektu zeuden, nola dauden… Nahi edo ez, azkenean udalaren inguruan arazoak sortzen joaten dira, tira-birak edo arazo txikiak direla. Guztiaren erradiografia ateratzen, bileraz bilera, denekin elkartu eta udalaren kudeaketa nondik nora doan jakiten eta zein puntu dituen ikusten ari gara. Zer proiektu jaso dituzue lehendik? Eta nola ikusten dituzue? Lehendabizi ezagutu egin nahi ditugu, eta ikuspuntu guztiak jakin. Gure lan ildoak, proiektuak eta ikuspegiak desberdinak dira, hirigintza aldetik-eta badauzkagu desberdintasunak. Baina legealdi bakoitzak bere herentziak [...]
Azeari Andonegi (Lazkaoko alkatea) Krisi garaiari egokitutako udal kudeaketa, demokrazia parte-hartzailea eta herritarren inplikazioa lortu nahi ditu Bilduk Lazkaon. Maiatzeko udal hauteskundeetan Lazkaon Bilduk irabazi zuen, eta gehiengo osoa du Udalbatzan. Azeari Andonegi alkatea (Lazkao, 1976) neurria hartzen ari zaio langintzari, erakunde publikoetan lehen aldiz kargua hartuta. «Jakinminez» da herrian zer gertatzen den jakiteko. Udaletxera joateko gonbita egin die herritarrei, «ea arazoak eta zalantzak argitzen edo bideratzen ditugun».
Berrogei egun dira alkate zarenetik. Nola joan da denbora hori?
Oso harrera ona eduki genuen, bai eraketa egunean, bai teknikariengandik. Dagoen teknikari eta lan-taldearekin oso gustura nago, udalaren martxan pisu gehiena beraiek eramaten dute. Bestela, EAJren aldetik, utzi dutenak prest agertu dira laguntzeko. Komunikazioa egon da, eta eskertzen diegu.
Zertarako astia izan duzue?
Udalaren ezaguera egiteko. Zer proiektu zeuden, nola dauden… Nahi edo ez, azkenean udalaren inguruan arazoak sortzen joaten dira, tira-birak edo arazo txikiak direla. Guztiaren erradiografia ateratzen, bileraz bilera, denekin elkartu eta udalaren kudeaketa nondik nora doan jakiten eta zein puntu dituen ikusten ari gara.
Zer proiektu jaso dituzue lehendik? Eta nola ikusten dituzue?
Lehendabizi ezagutu egin nahi ditugu, eta ikuspuntu guztiak jakin. Gure lan ildoak, proiektuak eta ikuspegiak desberdinak dira, hirigintza aldetik-eta badauzkagu desberdintasunak. Baina legealdi bakoitzak bere herentziak pasatzen dizkio hurrengoari, eta jakin behar dugu daukagunarekin ahal den konponbiderik onenak aurkitzen aurrera egiteko. Erabakitzeko ahalmena ere era batekoa duzu, aurretik egindako lanaren jarraipena egin beharra dagoelako zenbaitetan. Lehenik ezagutu egin nahi dugu. Hasieratik ezin dugu hasi guri horrela iruditzen zaigulako dena aldatzen. Jarraipena egitea garrantzitsua da.
Zein oinarri izango ditu legealdiak?
Udal honek krisi garaiari egokitu behar dio kudeaketa, norbere burutik hasita. Laguntza sozialak bultzatu nahi ditugu, demokrazia parte-hartzailea, jendeak eta herriak parte har dezatela. Jendearen inplikazioa lortu eta udal bezala jendearengana iritsi nahi dugu. Urruti ikusteko joera egon da, eta ea lortzen dugun gertutasuna ematea. Herritarrak udalaren partaide sentitzea eta partaidetza engranatzea dira helburuak, udalaren eta herriaren artean kontsonantzia izateko.
Batzordeak banatu dituzue. Herritarrek zer paper hartzea nahi duzue?
Inplikazioa nahi eta behar dugu. Herritarren ideiak eta ikuspuntuak ezagutu nahi ditugu, arrazoi bidezko legealdira joan. Jendeak bere errealitateak eta ideiak, lanerako gogoa udalari azaltzea nahi dugu. Etorri, elkarrekin lan egin eta proiektuak aurrera aterako ditugu. Gauza batzuetan baiezkoa eta besteetan ezezkoa izango da, saiatu arren denak ez ditugu lortuko, krisialdian gaudela jakinda. Baina ahal den justuena izaten saiatu nahi dugu.
Udala zer egoeratan aurkitu duzu?
Oraindik mila gauza ditugu ikusteko, baina gauza batzuk hobeto iruditzen zaizkigu, beste gauza batzuk okerrago. Erradiografia atera arte oraindik hobe iritzirik ez ematea.
Gobernu batzordea eratu duzue. Harako gonbidapena egin diezue udalean ordezkaritza duten beste bi alderdiei, EAJri eta PSE-EEri.
Herriaren erradiografia egin genuenean, iruditzen zitzaigun erabakitzeko gune ziren mahai guztietan eragile politiko guztiei gonbidapena egin behar geniela, parte hartu eta komunikazioa gardena izateko, denak mahai guztietan egoteko aukerarekin. Ez diegu eskatu inongo akordiorik. Azken batean, parte-hartzea eta komunikazioa herriari zabaltzen diogun bezala, beharrezkoa da beste alderdiei ere zabaltzea. Zinegotziak dituzten beste bi taldeei, EAJri eta PSEri, arlo guztietan parte hartzeko eskaintza egin genien. EAJk onartu zuen; PSEk ezezkoa eman zigun, baina komunikazioa edukiko dugu.
Alderdiekin, eragileekin, herritarrekin harremanetan, zer moduzko esperientzia izan duzue orain arte?
Garbi dugu lanera etorri garela. Talde berria gara, udal kudeaketan esperientzia duen jende bat badugu, baina gabekoak ere bagara, tartean ni. Jende xumeak gara; nire bizitzan ahal den zuzenena izaten saiatzen naiz, eta formula hori erabiliko dut udalean ere. Gauzak ondo egiten saiatuko naiz. Garbia izan, ikasi, entzun. Udal bezala ere hori transmititu nahi dugu. Errealitatea bakoitzak bere ikuspuntutik ikusten du; beti saiatzen naiz bestearen lekuan jartzen, besteena ere ulertzeko. Justuena iruditutakoa egiten saiatu behar da.
Zer aldatu nahi duzue?
Gizarte sozialagoa egin, behar larriena dutenei laguntzeko; Euskara bultzatu, berriro ere; bigarren etxebizitzak betetzea bultzatu… Ingurumenaren errespetua eta naturarekiko lotura oso garrantzitsua da guretzako. Iruditzen zaigu gaur egungo proiektuetan hormigoi asko eta belardi gutxi dagoela; kimu berri asko, baina zuhaitz zahar asko bota direla. Naturarekin lotura ez da mendian ikusi behar, herrian bertan baizik. Herri efizientea bihurtu nahi dugu, ez etxe hutsen herria. Bigarren etxeak betetzea bultzatu nahi dugu, ez proiektu berriak garatzea.
Abian badira hirigintza eta etxebizitza egitasmoak…
Errealitateak akaso erakutsiko du aurreko legealdietako herentziak bete beharko ditugula, baina gero guk jarriko diogu herentzia hurrengo legealdiari. Aurrekoak asumitu beharko ditugu. Gure proiektuak garatzeko muga handiak izango ditugu, eraikuntza proiektu handiak daudelako eta hor sartzen den dirua beste leku batetik kendu beharko delako. Hori etorri zaigun herentzia da, eta diru behar handia dauka. Iraun egin beharko dugu horrekin, hipoteka horiek hartu eta aurrera egin. Gure garapena beste era batekoa dela azalduko dugu.
Legealdi honetan astirik emango du horretarako?
Uste dut ezetz, ez legealdi honetan, eta ezta hurrengoan ere, krisialdiagatik. Iturgaitzagako proiektua oso handia da. Hori egin zenean krisi garaia ez zegoen iritsita, eta hor dauden konpromiso guztiak bete beharra dago. Zorra sortzen da hor. Gure proiektuak garatzeko gogoa bai, baina errealitatean beharbada ezin izango dugu dena egin. Dagoen krisiarekin oraindik luzeago joango da, eta lau urtean garatzea ezinezkoa izango da. Legealdi bat baino gehiago eramango du garapen horrek.
Herritarra noiz hasiko da txertatu nahi dituzuen aldaketez jabetzen? Zein tempus markatu dituzue?
Hasieran aurreko legealdiaren jarraipena egin behar dugu, ezaguera eduki arte. Gure ideiak eta parte-hartzea bultzatzen saiatuko gara. Baliabideak ez dakigu zenbaterainokoak izango diren, ekonomia mugak direla eta. Herrian ekintzak plazan zentralizatu ordez, auzoetara zabaldu, hobekuntzak plaza erditik atera eta beste eremu batzuetara eramanez. Auzoei eta bertako jendeari ere aprezioa egiteko. Hilotan behintzat horrela joango gara.
Gehiengo osoa edukitzeak zer ematen du; lasaitasuna, adostasun bila aritzeko grina berdina da…?
Onartu beharra dago lasaitasuna ematen duela, baina horrek ez du esan nahi gure arrazoien gainetik beste arrazoi handiagorik baldin badago kasurik egingo ez dugunik. Gure ildoa badakigu zein den, arrazoiak zein diren badakigu, eta herri guztia horren partaide izatea nahi dugu. Baten batek arrazoi hobeak ematen badizkigu, irekita gaude aditzeko, eta aurrera egiteko prest. Ez dugu itxiturarik jarri behar, aurrera egiteko gogoarekin gaude.
Udaletxera sartutakoan nola aurkitu duzu zeure burua?
Udala barrutik ikusi edo kanpotik ikusi, erabat desberdina da. Herritar bezala pentsatu ohi da udalak baliabide asko dituela eta gaitasun handia duela. Baina barrutik konturatzen zara uste baino azpiko lan gehiago egiten direla, ikusten ez diren milaka gauza izaten dira eta lan asko darama atzetik. Kalera ez da hori azaltzen. Horregatik nahi dugu jendearen inplikazioa.
Bizimodua asko aldatu al zaizu?
Alkate lanak dedikazio asko eskatzen du. Kanpotik ikusten zenuenean, «begira zer ondo» esaten zenuen, baina barrura sartutakoan ikusten duzu zenbat gauza dauden. Sartu eta lehenengo egunetik agindu beharra daukazu. Nire bizi esperientzia izan da lana egin, ikasi, eta gero koordinatu. Hemen erabakiak hartu beharra daukazu, eta oraindik ez duzu ezagutzen. Bizia asko aldatzen da; ardura handiak hartzen dituzu, eta bere gain dute erantzunak ematea eta ahal den zuzenena izatea. Jendeak harrera oso ona eduki du nirekiko.












