
Hauteskundeen biharamunean lanpetuta ibili ohi da Ander Iturriotz (Ordizia, 1961) soziologoa, komunikabide baterako eta besterako kolaborazioak prestatzen. Emaitza orokorrak aztertzeaz gainera, abertzaleen arteko lehia eta parte hartzearen igoera izan ditu hizpide.
Espainiako hauteskundeen utzi duten irudi nagusia, PPren gehiengo osoa eta PSOEren porrota da, ezta?
Bai. Hauek izango ziren, seguruenera, Espainian trantsizio garaitik eskuinak izan dituen hauteskunderik errazenak; PSOEk oso gestio txarra egin du, norabiderik gabe ibili da, ezkerreko soslaia erabat galdu du eta ezin izan du hautagai berriaren irudia indartu, besteak beste, aurreko legegintzalditik nahikoa ikututa zetorrelako, Zapateroren gobernuan izan delako eta kargu garrantzitsuak izan dituelako. PPk eslogan edo ideia sinple bakarrarekin, enplegua, enplegua eta enplegua, nahikoa izan du hauteskundeak irabazteko.
Euskal Herriak mapa politiko berezia duela ere agerian gelditu zen.
Politikari gehienek esan zuten atzo [igandean] Euskal Herria ez dela Espainia. PPko Iñaki Oiartzabal entzun nuen Euskal Herria terminoa erabiltzen, eta pentsatu nuen hemen zerbait aldatu dela. PSEk deskalabroa izan du, Espainian bezala, baina deskalabro hori handiagoa da, kontuan hartzen badugu Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza berak duela. Hor hauteslegoak zigortu duena, gestio txarra eta eskapismoa izan da; beti in albis dagoen lehendakari bat izan da, batzuetan saxofoia jotzen eta besteetan inora ez daraman tren batean sartuta.
Amaiur eta EAJren arteko lehia horrek ere eman du zeresana.
Lehenbizikoz abertzaleek irabazi dute, alde guztietatik: eserleku aldetik, botoetan… eta gainera beraiena ez den esparru politiko batean. Ez da ahaztu behar estatu mailako hauteskundeak direla, eta horrelakoetan, normalean, alderdi espainolek irabazten dutela. Aurreko hauteskundeetan PSEk eta PPk milioi bat boto inguru lortu zituzten; aurten, Nafarroako datuak ere kontuan hartuta, ez dakit 600 milara iritsi diren ere. Aldiz, talde abertzaleak oso motibatuta egon dira, hain zuzen ere, ez dutelako horrenbeste begiratzen Madrilera, gehiago begiratzen diote hurrengo hauteskunde autonomikoei eta bakegintzari. Eta hori nabaritu da, oso nabarmen, Amaiurren kasuan. Emaitza historikoak lortu ditu bloke soberanistak. Atzo Espainiako hedabideetan ezin zuten ulertu nola izan zitekeen Amaiur, ostrazismoan egon den alderdi bat, Espainiako bosgarren indarra. EAJk kanpaina bereziki Amaiurren kontra planteatu du, eta batzuetan oso modu zakarrean. Horrek bere botoak aktibatzea ekarri du, eta ustez, abertzaletasun- aren barruan Amaiurrek EAJri espazioa kenduko ziola pentsa bazitekeen, ez da hori gertatu, ze EAJk botoak irabazi ditu. Beraz, EAJ ere indartu egin da. Beraz, bi aldeetatik indartu da bloke nazionalista.
Partehartzearen inguruko datuak ere argigarriak dira. Goierrin esaterako, 11 puntu egin du gora.
Hori ere datu esanguratsua da. Hauteskunde estatal batzuetan, botoa emateko motibaziorik handiena boto espainolak dauka, eta oraingoan, paradoxikoki, Gipuzkoan eta Bizkaian eman da boto kopuru handiagoa. Horrek esan nahi du, bi herrialde horietan, soziologia nazionalista dutenez, boto abertzalea izan dela gehien mobilizatu dena; batetik Amaiurrek, uhina markatua zuelako, eta EAJk, lan handia egin duelako Amaiurrek botuak kendu ez zitzaion. Horrek tentsionatu egin du bloke nazionalista, eta horrek ekarri du jende gehiago hauteslekuetara erakartzea.