Zinekluba datozen erronkei begira
Frankismo garai bete-betean sortu zen Legazpiko zinekluba. 1971n egituratu zen ofizialki, baina aurretik emanaldiak egiten ziren. Gaur egun, hiru dira zinekluba osatzen duten legazpiarrak: Javier Arrieta, Arturo Mariscal eta taldera berriki bildu den Maria Jesus Auzmendi. Gaur egun, aldaketak aldaketa, oinarrian zineklubak berdina izaten jarraitzen du, «artea eta kultura uztartzen dituzten lanak» ikusteko gunea. Baina, Legazpikoak badu berezitasun bat. Orain dela bi urte «zineklubean salto kualitatibo handia eman behar izan genuen», argitu du Arrietak. 2010ean, zine komertziala kudeatzen zuen enpresak Legazpin zerbitzua emateari utzi zion. «Kultur batzordean gaiaz eztabaidatu genuen, eta hasiera batean haurrentzako zinea mantentzeko beharraz hitz egin genuen». Orduan, zineklub taldeak hartu zuen igandetan haurrentzako filmak aukeratu eta proiektatzeko ardura. 2011n, helduentzako zine komertzialari ere heltzea erabaki zuten. Ordutik lana biderkatu egin zaiela aitortzen dute taldeko kideek, baina «gustura» ari dira. Ostiralero antolatzen dute zineklub emanaldia, lau hileko. Igandea izaten da zine komertzialaren eguna, haurrena eta helduena. Larunbatetan ez da emanaldirik egoten. Aurten, berrikuntza moduan, «jai egunetan ere ematen dugu zine komertziala, igandekoaren berdina», dio Auzmendik. Erronka berriei aurre egitea Etorkizunari begira erronka eta kezka berriak dituzte. Izan ere, 2013 amaieran zine aretoetan orain arte erabili izan den 35 milimetroko formatua desagertu egingo da, «2014tik aurrera dena digitala [...]
Frankismo garai bete-betean sortu zen Legazpiko zinekluba. 1971n egituratu zen ofizialki, baina aurretik emanaldiak egiten ziren. Gaur egun, hiru dira zinekluba osatzen duten legazpiarrak: Javier Arrieta, Arturo Mariscal eta taldera berriki bildu den Maria Jesus Auzmendi.
Gaur egun, aldaketak aldaketa, oinarrian zineklubak berdina izaten jarraitzen du, «artea eta kultura uztartzen dituzten lanak» ikusteko gunea. Baina, Legazpikoak badu berezitasun bat. Orain dela bi urte «zineklubean salto kualitatibo handia eman behar izan genuen», argitu du Arrietak. 2010ean, zine komertziala kudeatzen zuen enpresak Legazpin zerbitzua emateari utzi zion. «Kultur batzordean gaiaz eztabaidatu genuen, eta hasiera batean haurrentzako zinea mantentzeko beharraz hitz egin genuen». Orduan, zineklub taldeak hartu zuen igandetan haurrentzako filmak aukeratu eta proiektatzeko ardura. 2011n, helduentzako zine komertzialari ere heltzea erabaki zuten.
Ordutik lana biderkatu egin zaiela aitortzen dute taldeko kideek, baina «gustura» ari dira. Ostiralero antolatzen dute zineklub emanaldia, lau hileko. Igandea izaten da zine komertzialaren eguna, haurrena eta helduena. Larunbatetan ez da emanaldirik egoten. Aurten, berrikuntza moduan, «jai egunetan ere ematen dugu zine komertziala, igandekoaren berdina», dio Auzmendik.
Erronka berriei aurre egitea
Etorkizunari begira erronka eta kezka berriak dituzte. Izan ere, 2013 amaieran zine aretoetan orain arte erabili izan den 35 milimetroko formatua desagertu egingo da, «2014tik aurrera dena digitala izango da». Horrek, Legazpiko aretoa digitalizatzeko inbertsio baten beharra suposatzen du. «Gu, Bilboko enpresa batekin harremanetan jarrita gaude. Udala ere jakinaren gainean dago, eta aukera hori aztertzen ari da», azaldu du Arrietak.












