Olaberriako ArcelorMittal lantegian erregulazio espedientea ezarri dute
Goierri ArcelorMittal siderurgia multinazionalak Gipuzkoan dituen hiru lantegietako langileei soldata %15 jaistea eta lanaldian 96 orduko igoera ezartzea proposatu die. Hori da Bergarako, Zumarragako eta Olaberriako lantegietako langileei egin dien azken proposamena. Fermin Otamendi Olaberriako enpresa batzorde burua da, LAB sindikatukoa, dioenez «zuzendaritza negoziazio prozesua azkartu nahian dabil». Asmo horren isla da, Otamendiren arabera, «egun hauetarako Olaberriako lantegian ezarri duten erregulazio espedientea». Aurreko ostiraletik eta datorren ostegunera arte, Olaberriako plantan produkzioa etenda dago, eta bitarte horretan langileek erregulazioan egongo dira.
Erregulazio espedientea aurtengo abendura arte indarrean dago Olaberriako lantegian, «horrek esan nahi du zuzendaritzak nahieran erabil dezakeela». Otamendik adierazi duenez, 2008an eta 2009an egon zen espediente pare bat, baina hainbat lanen amaierarekin lotuta egon ziren. «Oraingoa, negoziazio mahaiaren gainean kolpetxo bat jotzeko erabili dutelakoan gaude». Izan ere, aipatutako salbuespen horiez gain, orain artean Olaberriako lantegiko produkzioa ez da eten. Langileak ordezkatzen dituzten sindikatuak negoziazioan indarra egiteko era bateratuan ari dira lanean. Dena dela, Otamendiren arabera, «enpresa egoera jakin bat eszenifikatzen ari da, eta ez daukate hitz egiteko asmorik, inposatzekoa baizik». Langileek soldata murrizketa eta lanaldiaren igoera ez badute onartzen, ArcelorMittaleko zuzendaritzak lan erreformari helduko diola agindu die, «are gehiago, itxi egingo dituztela lantegiak». Hori dela eta, Otamendiren iritziko, «enpresaren benetako asmoa langileen baldintzak murriztea da, eta merkatu egoerak hobera eginda ere, baldintza horiei betirako eustea».












