
Z-Z Urolako Trena Bizikletaz ekimenaren bederatzigarren aldia egingo dute larunbatean Urretxun eta Zumarragan. Goierri kirol elkarteko zikloturista taldeak antolatutako bizikleta martxa da, «familia guztiari» zuzenduta dagoena, Anjel Etxezarreta zikloturista taldeko arduradunak esan duenez. Bailaran bizikletaren erabilera sustatzea eta «familia giroan goiz aparta» igarotzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko sarrera pareko gunea hesituta dago, zorua altxatu eta zuloa egin dute. Lanen helburua «azpitik doazen urak hobeto jasotzea da» Fernando Fariñas udaleko lan publikoen ardura duen zinegotziaren arabera. Eremu horretan putzuak sortzen zirela eta, «lanak egin zituen Arkatza enpresari erreklamazioa egin genion, eta konpondu zuten arren arazoek bere horretan jarraitu zuten eta aparkalekura ura sartzen zen». Udalak erreklamazioa egin zuen berriro, baina Arkatza eraikuntza enpresak kiebra jo zuen eta Zumarragako Udalak bere gain hartu du gunea konpontzeko lanen ardura.