Madalena egunez agur esan diete jaiei Alegian
Atzo ospatu zuten Madalena eguna Alegia auzoan. Meza, abesbatzaren emanaldia, Goruntz dantza taldearen ikuskizuna eta mokadua izan zituzten auzotarrek eguerdianAlegia auzoko festak asteburuan ospatu bazituzten ere, Madalena eguna ezin ospatu gabe utzi....
Atzo ospatu zuten Madalena eguna Alegia auzoan. Meza, abesbatzaren emanaldia, Goruntz dantza taldearen ikuskizuna eta mokadua izan zituzten auzotarrek eguerdian
Alegia auzoko festak asteburuan ospatu bazituzten ere, Madalena eguna ezin ospatu gabe utzi. Atzo izan zen, eta herritar ugari elkartu ziren auzora. Meza izan zuten Alegiako elizan, eguerdian, baina ez zen meza arrunta izan. Izan ere, Ezkio-Itsasoko abesbatzak emanaldia eskaini zuen amaieran. Hamar bat abeslari aritu ziren kantuan, korutik, Xabier Barriolaren zuzendaritzapean. Txalo zaparrada jaso zuten amaitutakoan.Elizatik ateratzerako, alegiarrek zain zituzten Goruntz dantza taldeko dantzari gazteak. Ohitura den moduan, arkua egin zieten mezan izan zirenei.
Ondoren, dantza emanaldia eskaini zuen Goruntzek Alegiako pilotalekuan. Euria gogoz ari zuen, baina pilotalekuan babestu ziren auzotar guztiak, eta aterpean ospatu zuten Madalena eguneko jaia. Neska eta mutil, hogei bat haur eta gaztetxo aritu ziren dantzan pilotalekuan, txistularien doinuari jarraituz. Bueltan izan zituzten Alegiara joandakoak, adi adi begira. Guztira ehun lagunetik gora bildu ziren auzoan.
Dantza emanaldia amaitutakoan mokadua jateko ordua iritsi zen. Salda, ogia, haragia, txorizoa… banatu zituzten. Horretarako bi mahai luze jarri zituzten pilotalekuan, mokadua patxadaz eta lagun artean jateko.
Eguerdian, batez ere, adineko jendea bildu zen Alegian. Arratsaldean, berriz, haurren txanda izan zen. Izan ere, puzgarriak jarri zituzten. Hala eman zieten agurra alegiarrek aurtengo Madalena jaiei.













