Elorri elkartea eta Elorripe taberna libre nahi dituztela aldarrikatuko dute Seguran
Triki-poteoa, ekitaldia eta bertso-kantu afaria egingo dute gaur. Ordiziako Udalbatzak 'Herrikoaren' eta Irriki elkartearen itxiera salatu du. Jon Gorrotxategik urte t'erdiko inhabilitazioa jaso duPasa den ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak Goierriko...
Triki-poteoa, ekitaldia eta bertso-kantu afaria egingo dute gaur. Ordiziako Udalbatzak ‘Herrikoaren’ eta Irriki elkartearen itxiera salatu du. Jon Gorrotxategik urte t’erdiko inhabilitazioa jaso du
Pasa den ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak Goierriko zortzi herriko taberna ixteko epaia berretsi ondoren, asko dira azken asteetan itxiera horiek salatzeko egin diren ekimenak. Gaur, Seguran, Elorri elkartea eta Elorripe taberna irekita nahi dituztela aldarrikatuko dute, epaia salatzearekin batera.Igerilekutik herrigunera egingo den triki-poteoarekin hasiko da aldarrikapena, 19:00etan. Ekitaldi nagusia plazan izango da, 20:30ean, Elorri eskutik eskura libre goiburupean. Elorria pasako dute eskutik eskura, eta partaide bakoitzak Elorriren aldeko esaldi bat esateko aukera izango du. Bertso-kantu afaria egingo dute ondoren, 21:30ean hasita, Jon Iturriotz, Eneko Araiztegi eta Kuxkuxtu txarangarekin. Afarirako txartelak Elorripen daude salgai.
Mozioa aurrera Ordizian
Ildo beretik, Ordiziako EH Bilduk Irriki elkartea eta Herriko taberna libre eta zabalik nahi dituztela eskatzeko mozioa aurkeztu zuen. Herenegun egin zen osoko bilkurako puntuetako bat izan zen, eta aurrera atera zen EAJren, EH Bilduren eta Ordizia Oraineko hautetsien aldeko botoekin. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen.
Espainiako Auzitegi Gorenak 107 herriko tabernen eta elkarteren itxiera berretsi izana «erabaki politikoa» dela eta 36ko gerraren ondoren egin den «desjabetze politikorik handiena» izango dela salatu zuen Igor Eguren EH Bilduren bozeramaileak. «Epai horrekin, erakunde eta militante ezkertiar abertzaleei, beren jarduera sozial eta politikoa aurrera eramateko baliabideak mugatu egiten zaizkie», dio testuak.
Mozioak dioenez, horrelako epaiek, «askotan», zalantzan jartzen dute estatu baten egitura demokratikoa eta estatuko boteren artean egon behar den banaketa: «Bultzada politiko baten medioz, epaitegiek gisa honetako epaiak bideratzen dituzte».
Mozioa onartuta, Ordiziako Udalak «bere babesa» eskaintzen die Irriki kultur elkarteari, Herriko tabernari eta bertan lan egiten duten eragile politiko, sozial eta kultur taldeei. Erabakia «irmoki salatzeaz» gain, Ordiziako Udalak osoko bilkuran hartutako erabakiaren berri emango dio Auzitegi Gorenari.
Gorrotxategiren kasua
Herriko tabernen aurkako 35/02 auziaren barruan, Jon Gorrotxategi beasaindarrari urte t’erdiko kartzela zigorra ezarri zion Gorenak, eta herenegun ateratako epai batean zehaztu zuen Gorrotxategik ezingo duela kargu publikorik bete epe berean.













