Uda beteko festak Goierrin
Santutegiari jarraiki, gaur hasiko dira 'saninazioak' Legazpiko izen bereko auzoan. Etenik ez dute izango jaiek abuztuan zehar Goierriko herrietan zein auzoetan 'sanagustinetaraino'Legazpin hasi eta amaituko da udako jai ibilbidea Goierriko herrietan n...
Santutegiari jarraiki, gaur hasiko dira ‘saninazioak’ Legazpiko izen bereko auzoan. Etenik ez dute izango jaiek abuztuan zehar Goierriko herrietan zein auzoetan ‘sanagustinetaraino’
Legazpin hasi eta amaituko da udako jai ibilbidea Goierriko herrietan nahiz auzoetan. Bihar ekingo diete San Inazio auzoko jaiei Legazpin eta, santutegiari jarraiki, abuztu amaierako sanagustinetan amaituko da festen egutegia Brinkola auzoan.Izan ere, santutegiak gorriz idazten ditu uztaila amaierako eta abuztuko jaietako egunik seinalatuenak: saninazioak, sanlorentzoak, andremariak, sanbartolomeak eta sanagustinak amaitzeko. Uztailean herri handietan eta abuztuan auzoetako zein herri txiki askotako jaiak dira. Ez dira, halere, bertakoentzat jai txikiak izaten.
San Inazio auzoko jaiek asteburu osoa hartuko dute bihartik hasita. Barrakak muntatu, eta dantzaldiak, rock kontzertuak, karaokeak zein herri kirolek tokia izango dute festetako egitarauan.
Erromeria giroa gustukoago dutenek Urbian dute hitzordua bihar, San Inazio egunean. Txandaka egiten dituzte ardi txakur lehiaketak eta herri kirolak Aizkorri azpiko zelaietan; aurten, ardi txakurren txanda da. Mezak ere toki berezia du Urbiako jaian eta bertako artzain nahiz mendizaleen alde errezatzeko tartea hartuko dute. Edonola ere, fondak antolatutako erromeria giroa nagusituko da bazkal aurretik ondorenera arte.
Jaiak Katean
Idiazabal jaietan murgilduko da asteburuan. Hain zuzen, Katea auzoko festak ospatuko dituzte bertan gaurtik hasi eta bihar bitartean. Iker Zubeldia eta Julio Soto bertsolariak kantuan ikusteko aukera izango da bihar.
Abuztuak aurrera egin ahala ugaritu egingo dira jai hitzorduak. Gabirian ospatuko dituzte lehenak, San Lorentzo festak. Egutegiaren eskutik, Andre Mari jaiekin kateatuko dituzte sanlorentzoak. Abuztuaren 10ean hasita, Gabirian jai giroa nagusituko da astebetez. Txirrindulari probak, izen handiko bertsolariak eta rock kontzertuak tartekatuko dira berta-bertako ekitaldiekin.
Gabirian ezik Zerainen, Itsasondon eta Zumarragan ere ospatuko dituzte Andre Mari jaiak. Zeraindarrek ez dute nolanahiko egitaraua prestatu. Abuztuaren 13an, ostegunarekin hasiera emango diete jaiei. Ohiko gibel-jatearekin hasiko dira eta hurrengo egunetan jaiak ez du etenik izango; goizero hasi eta ordu txikietaraino luzatuko da.
Ezpatak berriz dantzan
Gabirian eta Zerainen hitzordu berbera egin dute festen amaieran. Bi herrietan herriak garbitzeko eta txukuntzeko deialdia jaietako egitarauaren barruan sartu dute.
Zumarragan ezpatak berriz aterako dira Andre Mari egunean, abuztuaren 15ean. Oraingoan, halere, ez dituzte Antioko ermita barrura eramango, herriguneko jaia baita abuztukoa. Dantza Jasokundearen Andre Mariaren elizan eta Euskadi plazan egingo dute Irrintziko dantzariek.
Hurrengo geldialdia San Bartolome jaietan egin ahal izango da. Itsason eta Zegaman ospatuko dituzte abuztuaren 22tik aurrera. Bi asteburu hartuko dituzte festek hala Itsason nola Zegaman. Itsasoko festen egitaraua oparoa da; kontzertuak, bertsolaritza eta ondarea herritarren parte hartzea sustatuko duten ekintzekin uztartuko dituzte. Zegamako jaien egitaraua, urtero bezala, zegamarren artean zabalduko dute iragarri aurretik.
Azkenekoak izango dira Brinkolako jaiak. Abuztuaren 28an hasiko dira eta hiru egunetan goizaldeko ordu txikietara arte festa giroa nagusituko da Legazpiko auzoan. Jaiak abuztuaren 30ean amaituko dira herri kirol erakustaldiarekin eta haurrentzako txerri harrapaketarekin.













