Solasaldiak Aritz Gorrotxategi, Jon Eugi eta Jose Antonio Azpiazu idazleekin izango dira. Udal liburutegira bisita gidatuak ere egingo dituzte, bost urteko haurrekin

Apirilaren 23an Nazioarteko Liburuaren Eguna dela eta, Legazpiko Udal Liburutegiak hainbat ekintza antolatu ditu datozen asteetarako. Herritarrengan irakurzaletasuna bultzatzeko helburuarekin, ipuin kontaketa bat, hiru solasaldi eta bisita gidatuak antolatu dituzte.
Jasone Erostarbe liburutegiko arduradunaren hitzetan, irakurketa suspertzeaz gain, liburutegiaren erabilera areagotzea da ekintza horien helburua. «Jende askok ez du liburutegiak eskaintzen duen zerbitzua ezagutzen», esan du. Horregatik antolatu dituzte bisita gidatuak. Apirilaren 18ko astean egingo dituzte, herriko ikastetxeetako bost urteko haurrekin. «Liburutegiaren funtzionamendua, antolatzen ditugun ekintzak, ipuinak nola aurkitu… azalduko diegu».
Ipuin kontaketa etzi izango da, Maite Franko kontalariarekin. Liburutegian izango da, 18:00etan. Sei urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da. Txiki txikitatik liburuekiko zaletasuna sustatzea da ekintza horren helburua.
Solasaldiak, berriz, adin ezberdinetako publikoei zuzenduta egongo dira. Aritz Gorrotxategi Batxilergoko ikasleengana joango da, eta
Koldar hutsa zara liburuaren inguruan ariko dira hizketan. Jon Eugi idazlea, berriz, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin bilduko da, eta
Zortzi ipuin gotiko liburuaren gainean ariko dira.
Idazleak ikasgeletara eramanez, gazteen interesa piztu nahi dute. Euskal literaturara gerturatzen dituzte, haien interesekoak izan daitezkeen lanak aukeratuz. «Helburua da txikitan hartutako irakurtzeko ohitura ez galtzea», esan du Erostarbek. Liburuaz hitz egiteaz gain, idazteko prozesuaz ere hitz egiten die gazteei idazleak
Bestalde, edozein herritarri zuzendutako solasaldi irekia ere egingo dute, Jose Antonio Azpiazu historialari legazpiarrarekin.
Esclavos y traficantes: historias ocultas del Pais Vasco liburua izango dute hizpide, eta gaztelaniaz izango da.
Irakurketa Erraza
Irakurketa Erraza egitasmoa ere martxan da Legazpin. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei testu egokituak eskaintzea da egitasmoaren muina, eta liburutegian egokitutako hainbat liburu dituzte. Irakurketa Errazaren inguruko erakusketa ikusgai dago oraindik, kultur etxean, 17:30etik 20:30era. Ostiralean izango du azken eguna.
Azkenik,
Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina ere martxan dago Legazpin joan den ostiralaz geroztik. Euskarazko liburu bat mailegatu eta fitxa bat betetzen dutenek, %35eko deskontu balea jasoko dute herriko dendetan euskarazko liburu bat erosteko.