2016aren bukaeran 3.245 langabetu zeuden, 2015ean baino 190 gutxiago. Lan egiteko adinean daudenen multzoak, aldiz, 1.500 pertsona galdu ditu. Suspertzea erlatiboa da

Datu makroekonomikoek 2015a ekonomiaren suspertzearen urte gisa ulertu zuten, %3ko hazkundearekin. 2016rako aurreikuspena ere maila beretsuan jarri zuen jaurlaritzak, urriko berrikuspenean urteko hazkundea 2,5etik 2,9ra igota. Pizgarriak pizgarri, ekonomiak eutsi egin dio doi-doi Goierrin, enpleguari dagokionez. 2015. eta 2016. ur-teen alderaketan, langabezia tasa 0,12 puntu soilik jaitsi da eskualdean. Baina langile giharrea ere nabarmen ahuldu da, biztanleria aktiboak 1.500 behargin potentzial gutxiago dituelako.
2016. urtea %9,76ko langabezia tasarekin bukatu zuen Goierrik. Urtebete lehenago %9,88koa zen. Langabetu kopuruak zertxobait behera egin du, urte arteko datuan: azken abenduaren bukaeran 3.245 goierritar erregistratu zituen Lanbide zerbitzuak Goierriko 22 herrietan; urtebete lehenago, 2015eko abenduan, 3.435 langabe ziren.
Espainiako SEPE enplegu zerbitzu publikoak, berriz, 3.238 langabe zenbatu ditu abenduan, eta 2015aren bukaeran 3.379.
Beherakada hori, ordea, biztanleria aktibo murritzagoan aplikatu behar izan da, orain. Urtebetean %4,31 beheratu da lan egiteko adinean dauden goierritarren populazioa. 2015 bukaeran 34.749 langile eta langile potentzial bazeuden, 33.249ko biztanleria aktiboarekin amaitu du 2016a bailarak.
Behea eta goialdea, antzera
Goierriko bi azpieskualdeei erreparatuta —Goierri beheko 18 udalerrien taldea eta Goierri garaiko laurena—, joera berdintsuak izan dira. Behealdean, langabetu kopurua %6 jaitsi da, eta langabezia tasa 0,19 puntu: %9,39 2015eko bukaeran, %9,20 abenduko azken erregistroetan.
Goierri garaian ere jaitsi egin da langabezia, %,4,88. Tasa berdin geratu da, ordea: %10,65 duela urtebete, %10,63 orain. Biztanleria aktiboaren galera akusatuagoa izan da eskual-dean: %4,7 jaitsi da, Goierri beheko %4ren aldean.
Lan kontratu gehiago
Suspertze ekonomikoaren seinale gisa, lan kontratuen gehikuntza aurkez liteke. Abenduan Goierri osoan 1.323 kontratu izenpetu ziren, 2015ean 1.095.
Sinatutako kontratu gehienak (948) zerbitzuen sektorekoak dira; industrian 342, eraikuntzan 29 eta nekazaritzan 4. Mugagabeak 165 bakarrik (%12,5).