'Islandia izeneko planeta bat' ikus-entzunezkoa aurkeztuko du etzi kultur etxean, 20:00etan. Casadok (Legazpi, 1968) mendizalea eta bidaiaria dela dio, argazkiak ere egiten ditu eta bidaia bloga martxan du.Islandia beste planeta bat al da?Gu hara irits...
‘Islandia izeneko planeta bat’ ikus-entzunezkoa aurkeztuko du etzi kultur etxean, 20:00etan. Aitor Casadok (Legazpi, 1968) mendizalea eta bidaiaria dela dio, argazkiak ere egiten ditu eta bidaia bloga martxan du.
Islandia beste planeta bat al da?
Gu hara iritsi ginenean esaldi bakarra izan genuen ahoan: “
que pasada, buah, que pasada”. Aterpetxeetatik ateratzen ginen eta kilometro gutxiren buruan sekulako aldaketak egiten zituen naturak. Hondartzatik hamar kilometrora glaziarrak, geiserrak, fumarolak… Islandian dena natura da, uharte hura %200 natura da.
Noiz egin zenuen bidaia?
Iazko abuztuan joan ginen, hamalau egun egin genituen han. Reykjavik hiriburura iritsi, eta bertako aireportuan zain genuen aurrez alokatutako autoa. Uharte osoari bira eman genion, 3.700 kilometro guztira. Txango bat edo beste egiteko 4×4 autobusa hartu genuen ezin baita ohiko autoetan toki guztietara iritsi. Hain zuzen, uhartearen erdialdera eta mendialdera autobus horretan joan ginen.
Eremu horiek oso babestuta daude eta errepideak pista bihurtzen dira. Haietako txango batean Askja izeneko toki batera iritsi ginen, han entrenatu ziren Apolo XIko eskifaiako kideak ilargira joan baino lehen.
Ilargia zirudien?
Ehun kilometroko pista bati jarraituta laba ikusi, eta sumendi-krater birekin egin genuen topo. Toki zoragarria da, ura urdin-urdina da. Ez genuen halakorik espero.
Bidaia bloga jarri duzu martxan.
Pasaporteawonderland.com da blogaren izena. Bidaia bat egin aurretik hamaika blog begiratzen ditut. Aurretik mendiko bloga nuen eta bidaia bloga egitea erabaki nuen. Blog berrian Islandiako bidaia eman dugun lehena izan da.
Islandian ikusitako toki batzuk ez nituen Espainiako blog bakarrean aurkitu. Guk gurean 22 erreportaje argitaratu ditugu Islandiari buruz. Kanadar baten mapa erabili genuen gure bidaian eta bueltan mapa hori hobetu dugu eta gure blogetik deskargatu daiteke; leku sekretu bat baino gehiago erakusten da. Aholkuak, sekretuak, mapak… Informazio asko sartu dugu Islandiara joan nahi duenak kontsulta dezan.
Aholkuren bat aurreratzeko moduan?
Islandia oso garestia da. Kanpotik iristen da han kontsumitzen den gehiena. Basorik ez dago, ez eta azpiegiturarik. Hotel batean gau batez lo egiteagatik 200 euro ordaindu behar dituzu, jatetxe batean bazkaltzeagatik 50 bat euro, kafe bat bost euro. Hara, ahalik eta gutxien gastatzeko, ahal beste eraman behar da. Espainiar batzuk ezagutu genituen janari bete maleta bat fakturatu zutenak.
Guk aterpetxeetan lo egin genuen, gau bakoitzeko 80 euro inguru ordaintzen genuen komunik gabeko logela bategatik; bertakoen etxeetan ere geratu ginen 120 bat eurogatik gaua.
300 bat lokalizazio hartzen ditu zure blogeko mapak eta supermerkatu mapa bat ere gehitu duzu. Zergatik supermerkatuena?
Supermerkatu batetik bestera sekulako distantzia dago, ehunka kilometroena. Autoan jate-koak eta edatekoak eramatea gomendatu arren, hurrengo supermerkatua non dagoen jakitea garrantzitsua da han. Gasolina botatzeko gune gehiago dago, norberak egiten du eta txartelarekin ordaindu; guk depositua erdira jaisten zenean betetzen genuen badaezpada. Ni abentura zalea naiz, baina ahal den neurrian dena kontrolpean edukitzea gustatzen zait.
Horren guztiaren berri emango duzu etziko ikus-entzunez-koan?
Lehenengo sarrera bat egingo dut Islandia deskribatzeko. Besteak beste, irla Andaluzia baino pixka bat handiagoa dela azalduko dut eta 300.000 bat lagun bizi direla; %70 Reykjaviken.
Egindako ibilbidearen berri emango dut, maparen nondik norakoa, hango lurralde ezberdinak… Ondoren, 40 minutuko ikus-entzunezkoa jarriko dut. Hango musikarekin lagundu ditut irudiak. Musika asko entzun ditut aukeraketa egiteko. Azkenik, galdera-erantzunen tartea irekiko dut eta ikus-entzuleei Islandiari buruzko hamahiru arlo ezberdinen politika, erlijioa, jakingarriak… berri ematen duen txostena banatuko diet.
Ikus-entzunezkoan zuk egindako argazkiak erakutsiko dituzu.
Bai, nik ez dut nire burua argazkilaritzat hartzen. Bidaiaria eta mendizalea naiz. Argazkia non dagoen begiratzen dut, baina ez dut denbora asko hartzen; argazkia ikusi eta atera egiten dut.
Hurrengo bidaia?
Uda partean egiten dugu bidaia handiena. Gabonetan Marrakexen izan ginen, Marokon. Aste Santuan Bulgariara goaz eta udan, baldintzek laguntzen badigute, Afrika aldera egiteko asmoa daukagu: akaso Namibia, Botswana eta Zimbabwera joango gara, baina ez dakigu seguru.
Sare sozialak erabiltzen dituzu bidaian zehar, ezta?
Bai, jarraitzaile asko izaten ditugu. Itzultzean norbaitek eskerrak eman dizkit bera inoiz joango ez den tokiak erakusteagatik.