Futbol7 txapelketako finala ate-joka da; aurtengoan 32 taldek neurtu dituzte indarrak Bikuñan. Horietatik zazpi neskek osatuak izan dira, mistoak ere egon dira.
Legazpiko Futbol7 txapelketa futboletik harago dagoela dio Shalke taldeko neska batek. Parte hartu duten 32 taldeetatik zazpi neskek osatutakoak izan dira. Kukue tabernan jarri diote hitzordua GOIERRIKO HITZAri eta talde gehienetako ordezkariak agertu dira. Mahaian kafea eta gailetak. 16 urtetik 23 urte arteko neskak dira. Gehienek urteak eman dituzte Bikuña zelaiko harmailetan txapelketako partidak ikusten, behin 16 urteak beteta, izena eman eta parte hartzera animatu dira.
B10T eta Zulo taldekoak dira gazteenak. Izena eman zutenerako zelaian jantziko zuten elastikoa diseinatuta zuten. «Pentsatu baino egur gutxiago eman digute», dio Zulo taldeko futbolari batek. B10T taldeko gehienak Ilintxan aritutako neskak dira eta finalaurdenetara iritsi dira. Batek bi hatz esparatrapuz lotuta ditu, «zelaian hartu nuen min» esan duenerako mahaiaren bueltan jarrita dagoen beste batek irri egin eta, «nik egin nion», onartu du eta neska guztiek barre egin dute. Jokalari gazteenek argi zuten parte hartuko zutela eta bere inguruko guztiek izena eman dute edo, gutxienez, elastikoa egin dute datorren urtean parte hartzeko. Parte hartu ez dutenen arrazoi nagusia lotsa izan dela diote denek aho batez.
Talde guztietako neskek antzeko arrazoiak eman dituzte txapelketan parte hartzeko gogoa nondik datorren esatera-koan. Hain zuzen, herrian sortzen den giro onari egin diote azpimarra, «herri guztiko gazteek parte hartzen dute». Aurten 416 gaztek parte hartu dute, 16 urte gazteenek eta 48 urte beteranoenak.
Pilotak jasotzen
Shalke taldekoek gaupasa eginda joan ziren partida baten batera Hegialdeko jaiak tartean egokitu zirelako. Nes-kontrolekoek aurrez neurriak hartu, eta diotenez, «txapelketa serio hartzen dugu eta partidatara ez agertuz gero, 50 euroko isuna ezarri genuen eta bazkarira gurekin joateko aukerarik eza».
Txutxe taldeko neskek egurra jaso dute, «oso justu ibili gara, baina ederki pasa dugu». Jokalarietako bat pilotak jaso zituen haurretan eta parte hartu zuen lehenengoan jokalari gazteena izan zen eta aita, beteranoena.
Neskek ez diote garrantzi handirik eman mutilen kontra jokatzeari eta generoen arteko talkarik ez dute sentitu. Natural hartu dute. Neskek egurra jaso dute, baina eman ere bai, eta mutilak antzera ibili dira.
Finalaren atarian Nes-kontrol taldeko neskak urduri daude Aztiri Bulls taldea finalera iritsi delako, «gure mutilak dira, gure adinekoak, lagunak». Legazpiko Gazteak futbol taldeak utzitako arrastoa da Futbol7 txapelketa, talde hari Aiztonagako tigreak ezizena jarri zioten. Futbolari guztiak tigre, baina zer dira tigreak emerik gabe?
Bihar jokatuko dira finalak Bikuña zelaian; gero, festa
Iritsi da Legazpiko Futbol7 txapelketako egun handia: finalak. Bihar jokatuko dira Bikuña zelaian. Hasteko Legazpiko Gazteak Kopako finala Burkina Faso eta Isotopos taldeek jokatuko dute 11:00etatik aurrera. Ondoren, final handia: Aiztonaga Kopa. Aztiri Bulls eta A-ruinatzen neurtuko dira finalean, 12:30ean.
Solemnitatez beteta egongo da finalen aurrekoa. Champions Leagueko ereserkia bozgorailuetan eta epaileak naiz marrazainak aterako dira, dantzariak eta pilota jasotzaileak segidan ikurriña eskuetan eta Ane Beloki bertsotarako prest. Aurreskua jokalariei eta harmailak eztanda egiteko prest.
Aurtengoan goizez jokatuko dira finalak lehen urtez hamargarren urteurrenari ukitu berezia emateko. Gero Azokan bazkari batera bilduko dira 512 bat lagun, eta ikus-entzunezko bat ikusiko dute. urteurrenaren harira ondutakoa. Ondoren, nor bere taldearen elastikoa soinean, festa.