Aritz Egeak Europako mendi lasterketa txapelketa irabazi du
Aritz Egea urretxuarrak Gorbeia Suzien lasterketa irabazi du eta, ondorioz, Europako Skyrunning txapeldun berria da.Gorbeia Suizen lasterketako seigarren edizioa larunbatean egin zuten. Europako korrikalari onenetako batzuk parte hartu zuten. Zeanuriti...
Gorbeia Suizen lasterketako seigarren edizioa larunbatean egin zuten. Europako korrikalari onenetako batzuk parte hartu zuten. Zeanuritik irten ziren eta 31 kilometro eta 2.400 metroko desnibela zituen ibilbidea osatu zuten, Gorbeiako parke naturalean.
Egea hasieratik buruan jarri zen eta lehiakideak ondo kontrolatu zituen. Hiru ordu, bi minutu eta 55 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Ez zuen errekorra haustea lortu. Egungo ibilbidea iaz estreinatu zuten eta Luis Alberto Hernandok Hiru ordu eta 12 segundotan osatu zuen.
Bigarren postuan Antonio Martinez alacantarra sailkatu zen, hirugarren postuan Cristobal Adell castelloarra, laugarrenean Jokin Lizeaga eta bosgarrenean Ander Iñarra.
Emakumeen artean Ingrid Mutter errumaniarra nagusitu zen, bigarrena Celia Chiron frantziarra izan zen eta hirugarrena Sheila Aviles.
Egea Munduko Kopako liderra da. Azken proba larunbat honetan izango da, Italian. «Zaila da Munduko Kopa irabaztea: Marco di Gasperi zazpi lehenengoen artean gelditzen bada, gainditu egingo nau ia ziur».
Denboraldi onena
Irabazi edo ez, aurtengoa bere kirol bizitzako denboraldi onena izan dela dio. Izan ere, Munduko Kopako bi proba irabazi ditu. Orain arte maila honetako probarik irabazi gabea zen.
Ez daki oraindik zer egingo duen datorren denboraldian: lasterketa luzeagoetan parte hartu, bere buruari erronka bereziren bat jarri, proba garrantzitsuenetan bakarrik parte hartu…