Igartza eta Loinatz futbol zelaiak hobetzeko aukera berriak lantzen ari da Beasaingo Udala
Loinatz zelaian aldagela berriak egitea aztertu du Beasain Kirol Elkartearekin eta Gipuzkoako federazioarekin. Igartzan, berriz, belar berria jartzea. Euri urak biltzeko sistema jarri nahi dute
Beasaingo Udalak aurreratu duenez, herriko futbol instalakuntzak hobetzeko proposamen berriak lantzen ari da Beasain Kirol Elkartearekin batera, «herritarrei aukera berriak eskaintzeko» helburuarekin. Aurreko urteetako bideari jarraituz, «herriko futbol instalazioen egoera, aprobetxamendua eta erabilera hobetu» nahi dituzte.
Loinatz futbol zelaiari dagokionez, duela urte bete zelaian belar artifiziala jarri zutenetik, «bertako instalazioen erabilera biderkatu egin da eta honek hobekuntzak egiten jarraitzeko borondatea indartu du». Talde bakar batek erabiltzen zuen lehen eta gaur egun zortzi taldek erabiltzen dute, tartean emakumezko taldeek. «Aldaketa horrekin, gaur egun 160 neska-mutil dira zelaian entrenamenduak eta partidak jokatzen dituztenak, Beasain Kirol Elkarteko bost talde eta Goierri Gorri klubeko 3 talde. Ondorioz, egun dauden bi aldagelak eskas geratu dira».
Era horretan, «dagoen espazio librea aprobetxatu eta aldagela berriak egiteko aukera» lantzen ari da udala Beasain Kirol Elkarteko arduradunekin eta Gipuzkoako Futbol Federazioarekin. «Orain artean egindako bileren ondotik, Federazioak lan hauen kostua bere gain hartzeko konpromisoa hartuko duela baieztatu du».
Igartzan belarra aldatu
Bestalde, Igartza udal futbol zelaiari dagokionean, «belarraren egoera larria dela eta, honen berrikuntzarako lanketa» egiten ari da udala. «2003. urtean eraikitako zelaia izanik, bere bizi-iraupen epea gainditua dauka. Zelaiaren egoera oso kaskarra da eta udala belarra aldatzeko aukerak aztertzen ari da Federazioarekin eta Beasain Kirol Elkartearekin batera. Honela, tokiko kirol elkarteei eta ikastetxeei Igartza erabiltzeko aukera irekiko litzaieke».
Euri urak biltzeko sistema
Beste asmo bat ere badu udalak: Igartza eta Loinatz futbol zelaiak ureztatzeko, euri urak biltzeko sistema jartzea. «Ur kontsumoaren aldetik eta jasangarritasun aldetik aldaketa handia ekarriko luke. Zelaiak, ureztatzeko behar duten ura lortzeko gai diren instalazio bihurtuko lirateke, jasangarriak, ingurugiroarekiko errespetua betez eta ekonomikoki gastua murriztuko litzateke».













