Ortzadar Argazkilaritza Elkarteko lau kidek aintzinako eta gaurko Ordiziako argazkiak nahastuta erakusketa egin dute. Azaroaren 17ra arte egongo da ikusgai Barrenan
Argazki erakusketa berezia prestatu du Ordiziako Ortzadar Argazkilaritza Elkarteak. Iragana eta oraina batzen dituzten argazkiak dira bildutakoak, eta
Berrargazkigintza izenburua jarri diote. Honako erakusketa hau Ortzadar elkarteak Ordiziako Hiribilduaren 750. urteurrenaren harira antolatutako ekintzei egindako ekarpena da.
Barrena kultur etxeko atarian sartu, eta Ordiziako kaleetatik ibilbidea egin daiteke Ortzadarren argazkien bidez. Azkeneko 70 urteetan herrian gauzatutako aldaketak islatu dituzte. Izan ere, argakiek, une desberdinak izozteko balio dute. Garai bateko eta oraingo argazkiak hartu eta fusionatu egin dituzte. Horrela, irudi oso bereziak lortu dituzte Ortzadarrekoek. Iragana eta oraina islatu dituzte, argazki bakarrean. Sinbologiaz eta sentimenduz beteriko Ordiziako txoko eta bizilagunak ageri dira argazkietan.
Argazkirik zaharrena egin zeneko toki zehatzena bilatu eta irudia birsortu dute. Jatorrizko hartualdiaren antzekoena den enkoadraketa, angelua eta konposaketa errepikatzen saiatu eta ondoren, bi argazkiak dira fusionatu dituztenak.
Ortzadarreko lau kide izan dira bere lanak prestatu dituztenak erakusketarako: Francisco Albarran, Miguel Cavero, Carlos Iraeta eta Iñaki Hidalgo. Erakusketa azaroaren 17ra arte egongo da ikusgai.
Gainera, ikus-entzunezko bat ere prestatu dute honen harira Mondragon Unibertsitateko hainbat ikaslek,
Atzo eta gaur izenburupean. Honakoa, erakusktea ireki zen egunean ikusi ahal izan zen.
Bestalde, merkatariak ere inplikatu dituzte eta erakusleihoetan Ordiziako argazki zaharrak ikusi ahalko dira egunotan.