Domingo Agirre eskolan igandeko Santo Tomas azoka antolatzen hasi zirenean konturatu ziren aurtengoa 25. ekitaldia zela. Ikasleei euskal ohiturak transmititzeko baliabide gisa ekin zioten azoka prestatzeari.
Igandean Santo Tomas azoka egingo dute Legazpin Domingo Agirre eskola publikoak antolatuta. Aurtengo 25. ekitaldia dela konturatu ziren igandekoa antolatzen hasi zirenean eta, azoka ohikoa izango bada ere, txoko berri batzuk jarriko dituzte eta aurreskua dantzatuko dute LH6ko ikasleek. Horrez gain, eskola barruan atzera egin dute denboran azoka antolatzearen zergatiak berreskuratzeko. Hain zuzen, bideo bat egin dute hasierako urte haietan Santo Tomas prestatzen aritu ziren irakasleen eta gurasoen testigantzak jasota. Bideoa eskolaren webgunean zintzilikatu dute eta komunitatean zabaldu dute.
Estela Rebe Domingo Agirre eskolako guraso elkarteko lehendakaria da, «gure eskolan hasi ziren haur gehienen gurasoak kanpokoak ziren eta euskal tradizioen berri ez zuten. Eskolan taloak egiten eta baserrietara joaten hasi ziren». Rebek dioena berretsi dute bideoan Mari Romero, Nati Botanz, Juan Mari Burguera eta Floren Gutierrez hasierako azokak prestatu zituztenek; orduko antolaketa lanak ere gurasoen laguntzarekin eta parte hartzearekin egiten zituzten.
Areago, gurasoen inplikazioa «handia» zela diote, Nati Botanzek erantsi duenez, «haiengatik guztiengatik ez balitz, ezingo genukeen azoka antolatu». Finean, eskolako komunitateari euskal kulturaren eta tradizioen nondik norakoa erakustea eta transmititzea izan da hasieratik Santo Tomas azokaren xedea.
Lehenengo eskolan, ondoren Laubiden eta hirugarren urratsean, azoka Legazpiko herrigunera jaitsi zuten, Euskal Herria plazara eta egun Azokara. Herrira zabaltzearen pausoari azpimarra jarri diote bideoko hizlari guztiek. Horrez gain, Burguerak gehitu duenez, «bestelako balioak ere transmititzen genizkien gure seme-alabei, hain zuzen, eskolan gurasook ere bageundela eta elkarrekin ari ginela».
Estela Rebe egungo gurasoen jarreraren bozeramailea da, «gure umeek eskola barruko komunitatearen arteko kooperazioa ikusten dute, zeren eskola ez baita notak ematen diren lekua. Santo Tomas azokarekin nondik gatozen eta nora goazen ikasten dugu eta hori jakitea oso garrantzitsua da».
Azoka 11:00etan irekiko dute eta 14:00ak arte zabalik egongo da Domingo Agirreko komunitatearentzat eta legazpiar guztientzat.
Haztegi ikastolan merkatu txikia, jaiotzaren irekiera eta Martin Pipas
Haztegi ikastolako irakasleek, gurasoek eta DBH4ko ikasleek antolatutako jaia da Merkatu Txikia. Etzi egingo dute Latxartegi parkean. Merkatu Txikia 11:30ean irekiko dute, baita bertan jarriko duten taberna ere.
Merkatuan jostailuak, liburuak , arropa eta beste hainbat objektu aurkituko dituzte bertara doazenek. Azokaz gain, Haztegik egiten duen Gabon festa izanik, bertako dantzariek eta trikitilariek emanaldia eskainiko dute 12:30ean.
Goiz osoan Merkatu Txikia zabalik egongo da eta merkatuaz gain, aurtengo jaiotza ere irekiko dute Haztegiko erakusleihoan. Ikastolako ikasle ohien eta egun ikasle direnen gurasoek egindako jaiotza da, eta irekierara arte ez da jakiten zein den urte bakoitzeko gaia.
LH6ko abesbatzak 16:30ean kantatuko du eta HHko ikasleek, LH1ekoek eta LH2koek gabon kantak abestuko dituzte.
Amaitzeko, Martin Pipas iritsiko da haurrek Olentzerori idatzitako gutunak jasotzera. Txokolatea eta gailetak banatuko dituzte.