Irratsaioa simulatuko dute; narratzailea Joseba Villarreal izango da eta Antton Iraetarena, ahots gonbidatua. 105 bat dantzari igoko dira Urbeltzeko oholtzara. Jaialdia etzi da, 18:30ean
Korosti dantza taldeak Gabon jaialdia egingo du etzi, larunbata, 18:30ean Urbeltz pilotalekuan. Euskal musikaren bilakaeraren haritik antolatu dute aurtengo jaialdia. «Denboraren lerroak asko laguntzen du halako ikuskizun bat antolatzen, zentzu bat ematen diolako», azaldu du Itsaso Mendibil Korostiko kideak
Euskal musikaren bilakaera adierazteko irratsaioa simulatzeko formula aukeratu dute eta jaialdiari
Korosti FM izena jarri diote. Joseba Villarrealek narratzaile rola hartuko du eta Antton Iraetak euskal musika adituarena. «Irratsaioaren programazioak jaialdian dantza bitartez ikusten denarekin bat egingo du».
Bi zati «nabarmen bereiziak» izango ditu: Lehenengo atalean musika tradizionalari erreparatuko diote, eta txistua oinarri izango du. Bigarren zatian egun erromeriatan entzuten diren doinuak aletuko dituzte.
Korostiko kideak uztailean hasi ziren jaialdiaren lanketa egiten. Orduan aukeratu zituzten gaia eta abestiak. Gero, irailean koreografiekin hasi ziren: «Beste batzuk oinarri hartuta geuk sortutako koreografiak dantzatuko ditugu». Hilabeteetako lanaren emaitza da: «Udan hasi eta orduz geroztik buru-belarri ari gara zer hobetu eta zer sortu pentsatzen. Lan karga handia da, baina etzi jaialdiaren ondoren dena jasotzen dugunean asebeteta sentituko gara».
Aurtengoa 28. jaialdia
Guztira 105 bat dantzari igoko dira Urbeltz pilotalekuko oholtzara. Aurten Korostin hasi diren 4 urteko dantzarietatik hasi eta 42 urteko taldeko dantzari helduenak arte. Jantziei dagokienez, iaz atera zituztenekin ez da alde handirik egongo, «dantzen arabera aldatuko ditugu: tradizionala, modernoa eta erromeri estilokoak».
Legazpiar musikariek eta kanpotik iritsitakoek bat egingo dute oholtzan. Abeslariak ere izango dira, hain zuzen, Mikele Arizkorreta, Joxe Anjel Urbieta eta Maitane Murillo legazpiarrak. «Hirurak aurpegi ezagunak dira legazpiarrentzat», azaldu du Mendibilek.
1990an egin zuten jaialdia Korostin hasitako lehenengo taldeak egindako lana jendaurrean erakuts zezan.