Alberto Mellak (Otxandio, 1976) lanbidea eta zaletasuna uztartu ditu, 'www.lasterketak.eus' webgunearekin. Hamar urtean, 5.000 lasterketaren informazioa eskaini du eta 3 milioi bisita izan ditu.Abenduaren 8an 10 urte bete zituen www.lasterketak.eus web...

Alberto Mellak (Otxandio, 1976) lanbidea eta zaletasuna uztartu ditu,
lasterketak.eus webgunearekin. Hamar urtean, 5.000 lasterketaren informazioa eskaini du eta 3 milioi bisita izan ditu.
Abenduaren 8an 10 urte bete zituen www.lasterketak.eus webguneak. Hamar urteotan aldaketa ugari izango zen Internetaren munduan.
Gaur egun, dena dago Interneten, agian ez oso antolatuta, baina dena dago. Bilatu nahi izanez gero, aurkitzen duzu. Baina duela 10 urte, ez zegoen ia ezer ere. Webgune handiak zeuden, Behobia lasterketarena, eta askoz gehiago ere ez. Gaur egun edozein lasterketak du, gutxienez Facebook orria, eta webgunea ere ia edozeinek dauka, dohainik egiteko tresnak daude eta. Duela 10 urte, lasterketetan izena emateko plataformarik ere ez zegoen. Lasterketak ere ez ziren hain masiboak, txikiagoak ziren, eta baliabide gutxiagorekin. Kronometrajeak eskuz egiten ziren.
Zein helbururekin sortu zenuen lasterketak biltzeko webgune bat?
Beti karrera berdinetan parte hartzen zuen jendeak, bazekien noiz izaten ziren. Garai hartan futbola utzi nuen, eta korrika hasi nintzen. Mundu honetara iritsi nintzenean, eta Beasainera etorri nintzenean, konturatu nintzen Gipuzkoan ez nuela lasterketarik ezagutzen. Orduan erabaki nuen, Euskal Herriko lasterketa denak bateratuko zituen plataforma egitea.
Lasterketen informazioa biltzea ez zen erraza izango.
Hasieran errazagoa izan zen: garapen aldetik ez daukat arazorik, hortara dedikatzen naizelako, eta orduan denbora gehiago neukan nik. Hori asko igartzen da. Umerik gabe, bikotearekin bakarrik, denbora gehiago neukan. Eta bestetik, lasterketa gutxiago zeuden. Garai hartan gogoratzen naiz, San Silbestreetan adibidez, udaletako webguneetan sartzen aritzen nintzela egitarauan karrerarik ote zegoen… Gaur egun lasterketak bikoiztu egin dira.
Goierrin bertan behintzat, asko ugaldu dira lasterketak.
Goierrin bertan, Goierri Kopakoprobak kontuan hartuta bakarrik, pentsa. Aurten zazpi proba antolatu dituzte. N-1 errepidearen inguruko herrietan lasterketa asko daude, Donostian ere astebururo dago bakarren bat, urte guztian gainera. Aurten, adibidez, 80 San Silbestre probaren informazioa jasoa daukat webgunean. Nafarroan ere asko izaten dira San Silbestre egunean.
Gaur egun ere, bila jarraitzen duzu edo bidali egiten dizute informazioa?
Oraindik ere, bila jarraitzen dut. Asko bidali egiten dizkidate eta beste asko izen emateko plataformetatik hartzen ditut. Prentsa lokaletik ere informazio asko jasotzen dut. Batez ere, HITZA egunkarietatik, eta
Diario Vascoko kroniketatik. Horiek dira oinarriak. Lehen nik bakarrik egiten nuen dena, baina orain Itxarok bikoteak laguntzen dit. Laguntza hori eskertzen da, elikatuta egon behar da webgunea, jendea etortzeko. Lagunak ere dantzan dauzkat: jakiten badut lasterketa bat egin dutela nik jakin gabe, informazioa eskatzen diet. Egunero informazioa bidaltzen didate.
Sare sozialak ere badaude orain.
Dena horra doa. Sartzen dugun lasterketa bakoitza sare sozialetara doa, Facebookera eta Twitterrera joateko automatizatuta daukagu. Interakzio handia dago, komunikaziorako tresna handia da. Mugikorrik gabe ez gara etxetik ateratzen. Dena daukagu mugikorrean.
Zein informazio ematen duzu webgunean?
Gutxieneko helburua lasterketa agendan kokatzea da, proba bakoitzaren informazioa ematearekin batera. Albisteak ere sartzen ditut. Korrikalarien argazkiekin ere hasi nintzen… Azkenean, nahi duzun guztia konplikatu dezakezu webgune batean. Baina muga batzuk daude hor, eta normalean, mugak, denborarenak izaten dira. Eskaintzen zaion denboraren arabera datoz emaitzak.
“Lasterketa denak bateratuko zituen
webgunea sortzea erabaki nuen”
“Prentsa lokaletik informazio asko
jasotzen dugu, batez ere ‘Hitzetatik’ “
Distantziaren arabera, kategoriaka daukazu antolatuta webgunea. Umeentzako informazioa ere bereizten duzu.
Mendikoak, errepidekoak, umeentzako direnak… Gero eta lasterketa gehiagotan, aurretik edo ondoren, umeentzat ere antolatzen hasi baitira. Motibazio horrekin errazagoa izaten baita familia guztia mugitzeko. Hemen inguruan, esango nuke, denetan daudela. Txakur krosak ere sartzen ditut, bikotekakoak ere bai. Krosak sartzen ditut, baina ez dut hainbeste kontrolatzen, ikusten ditudanak sartzen ditut…
Hamar urtean zenbat lasterketa sartu dituzu?
5.000 lasterketa, albisteak ere asko eta argazkiak milaka. 10 urtean, 3 milioi bisita izan ditugu.
Buber saria jaso zenuen.
2011n izan zen Buber sariarena. 2010ean finalista gelditu nintzen eta hurrengoan irabazi egin nuen.
Korrikalariek eskertuko dute informazioa bateratuta edukitzea.
Bai. Aurrera jarraitzeko indarra horrek ematen dit, jendeak eskertzen duela. Bisitetan ikusten da: egunean, gutxienez, mila bisita bisita bakar edukitzen ditu webguneak. Hori Euskal Herri mailarako kopuru garrantzitsua da. Baina iaz, gainezka eginda nengoen eta uztekotan egon nintzen. Baina bikoteak animatu, webgunea berritu, udan elikatu eta erritmo onean ari gara berriro. Dagoeneko, 2019ko 50 lasterketa baino gehiago dauzkagu sartuta. Jendeak eskertzen du egutegian karrera batzuk egotea, batez ere denboraldia helburu jakin batekin planifikatzen dutenek.
Karrera bat antolatu behar duenarentzat ere baliagarria izango da.
Bai, hori ere bai, askok egiten dute.
Euskal Herri osoa hartzen duzu kontuan, eta gehiena euskaraz da.
Bai, kalitatea edukitzeko hobea da eremua mugatzea. Horrez gain, saiatzen naiz gehiena euskaraz egiten, baina Euskal Herriko hiru hizkuntzatan daukat menua: euskaraz, gazteleraz eta frantsesez.
Zu zeu korrikan ibilitakoa zara. Gaur egun, bikotekako lasterketetan zabiltza.
Bai, 100 kilometrora arteko lasterketa guztiak egiten nituen, baina ondoen nengoen momentua utzi egin behar izan nion korrika egiteari; txirrinduan hasi nintzen. Orain berriz hasi naiz korrika, bikotearekin, baina beste mentalitate batekin, gozatzen, belauna gehiegi behartu gabe. Orain modan daude bikotekako karrerak, eta ahal dugun guztietan ateratzen gara. Beste era batera ari naiz.
Duela hamar urte, bikotekako karrerak ere gutxi egongo ziren.
Zarauzkoa eta besterik ez zen egongo. Orain, ligatxo bat ere badago Azpeitia inguruan. 2019an, Bealak taldeak antolatzen duen Beasaingo herri lasterketa txikia, 7 kilometrokoa, bikotekakoa bihurtuko dugu.