Irabazita bezainbesteko ohorez
Eroriko batek zapuztu die Gorka eta Ion Izagirreri Ormaiztegiko ziklo-kros proba. Ruiz de Larrinagak irabazi du, 9. aldiz, erretiroko egunean. Gonzalez, omenduaDebuta eta erretiroa. Urrea eta lokatza. Aurkia eta ifrentzua. Txirrindularitzaren bi muturr...
Eroriko batek zapuztu die Gorka eta Ion Izagirreri Ormaiztegiko ziklo-kros proba. Ruiz de Larrinagak irabazi du, 9. aldiz, erretiroko egunean. Gonzalez, omendua
Debuta eta erretiroa. Urrea eta lokatza. Aurkia eta ifrentzua. Txirrindularitzaren bi muturrek bat egin zuten, igandean, Ormaiztegiko 48. Ziklo-Kros Proban. Osagai zaporetsuak zituen euskal egutegiko azkeneko ziklo-krosak, eta oso bestelako platerak atera dira, azkenean.Gorka eta Ion Izagirre anaia ormaiztegiarrak ziren eguneko arreta erakarle handienetakoak. Astana talde berriaren elastiko urdinkara lehenengo aldiz soinean zutela, sorterrian lehiatu dira bi profesionalak. Izenean bakarrik ez profesionalak, jokabidean ere bai: lehiatzera irten ziren, etxean irabaztera, zaletu ugarien gozamenerako.
Baina, 13:30a jo berritan, lasterketak 29 minutu zeramala, eroriko arriskutsua izan zuen Gorka Izagirrek, eta kolpe bortitza hartu zuen. Antoneneko aldapa jaitsi eta ziztuan Kantinako zubitxora sartzear zela, txirrindularien pasaeren ondorioz zelaiaren eta zoruko hormigoiaren artean sortu zen koskatxoan norabidea okertu, eta zubiaren zementzuko pretila jo zuen. Metro gutxira zetorren Ion Izagirre ere lurrera joan zen.
Bi zauri ireki zitzaizkion Gorkari, masailean. Aurpegiarekin horma baxua jo zuen. Lau-bat puntu eman behar izan dizkiote. Besoetan urradurak eta soinean kolpeak ere baditu. Kantina ertzean utzi zuen lasterketa. Ionek segitu zuen, baina helmuga parean jaitsi zen bizikletatik, gero.
Kolpearen ikusgarritasunak denak izutu bazituen ere, Gorka Izagirrek ez du gehiagorik, eta, ondo bidean, arazorik gabe hasiko du errepideko denboraldia, otsailean Mallorkan. Hamargarren denboraldia du anaia zaharrenak UCI World Tourrean. 2009an debutatu zuen Contentpolis-Amporekin Kontinental Profesionalean, eta 2010etik maila gorenean ari da.
Ruiz de Larrinaga, goitik
Ormaiztegiko proba baino lau egun lehenago iragarri zuen Javier Ruiz de Larrinaga zuiarrak ziklo-krosa utziko duela. Irabaziz agurtu da txapeldun arabarra Ormaiztegitik. Han 9. aldiz irabazi du. Txapela, antolatzaileen oparia eta zaletuen eskertza jasota, gustura zen Ruiz de Larrinaga. 13 denboraldi egin ditu.
Izagirre anaiak izan zituen aurkari gogorrenak, erorikora arte. Gorkak irabazteko suharra atera zuen, eta egurrean aritu zen, Ionek lagunduta. Lasterketa buru ere jarri zen, baina beste eroriko batek atzeratu zuen. Larrinagak, denboraldia aurreratu ahala, nor den erakutsi du, ordea. Hirugarren itzulian estutu zuen erritmoa, eta bira bat 6 minutu baino gutxiagoan egin zuen bakarra izan zen: 5:59,6 minutuan osatu zuen 4. bira.
Kevin Suarez kantabriarrak ere lurra probatu zuen, eta hanka altxatu zuen ondoren. Xabier Murias bizkaitarra, 23 urtepeko lehenengoa, sailkatu da hirugarren. Promesa ona dator.
Kadeteetan, loraldia
Emakume eliteetan ez da ezustekorik izan. Olatz Odriozolak menderatu du lasterketa, denboraldi osoan bezala. Kadeteen. ugaritasuna izan da beste puntu aipagarri bat. 62 mutil eta 14 neska —sekula ikusi gabeko kopurua— lehiatu dira Ormaiztegin.
Jose Maria Gonzalez ziklista ohi ordiziarra omendu du Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak antolatzaileak, baita haren emazte Izaskun Goizurieta ere. Basualdo tokatzen da 2020an.