«Herri atsegina nahi dugu: aukerak emango dituena»
Enpresa ikasketak egin zituen eta Ordiziako Su Eskola fundazioan lan egiten du. Urretxu-Zumarraga Ikastolako lehendakaria izan zen eta azken bi legealdietan zinegotzia izan da.
Gogotsu ageri da. «Beti egon naiz arlo sozial eta politikoan inplikatua. Konpromisorik gabe, ez dago etorkizunik. Horregatik erabaki dut aurkeztea. Nire seme-alabek eta gainontzeko gazteek non bizi hautatzeko aukera izatea nahi dut. Kanpora joaten badira, nahi dutelako izan dadila. Ez behartuta. Horretarako, herri atsegina eraiki behar dugu. Aukerak emango dituena».
EAJ hori lortzeko aukera onena dela dio. «Fidagarriak, gardenak eta eraginkorrak garela erakutsi dugu: gizarte arloan aurrerakoiak eta ekonomia arloan fidagarriak. Parte hartzea bultzatu nahi dugu eta erabakitze eskubidearen alde lan egingo dugu».
Proiektu ezberdinak bultzatuko dituzte. «Ekonomia bultzatu nahi dugu, kalitatezko lanpostuak sortu, lan mahai bat eratu eragile ezberdinekin, mugikortasun jasangarria bultzatu, neurriak adostuta hartu, gardentasuna eta bizikidetza bermatu eta Zumarraga eta Urretxuren arteko egiazko elkarlan eraginkorra bultzatu», amaitu du Zumarragako EAJren hautagaiak.