Kriseilu Txistulari Elkartekoek irakurriko dute Segurako San Joan jaietako pregoia
Bihar, 20:00etan jaitsiko dute Zopa Pertza. Kuadrilen arteko lehiaketak bosgarren edizioa du aurten. Gaur Korpus eguneko ardo partiketa eta herri afaria egingo dute
Segurako San Joan jaiak egun bat aurreratuko dira aurten, Korpus eguneko ardo partiketa eta herri afaria gaur egingo baitituzte plazan, 19:30etik aurrera. Gainerakoan, eta ohi bezala, bihar, indartsu hasiko dituzte segurarrek San Joan jaiak, mozorrotuen egunarekin.
Bihar, futbito txapelketaren finalekin hasiko dira festak: 17:00etan, nesken finala jokatuko dute Pitxi Patxa eta Hiru Maila taldeek, eta 18:00etan, mutilena, Lokal Gunners eta Segurs Blacks taldeen artean. Festen hasiera ofiziala dena den, 20:00etan izango da, Zopa Pertzaren jaitsierarekin eta pregoi irakurketarekin. Kriseilu Txistulari Elkartekoak izango dira aurten pregoia irakurtzeko ohorea dutenak.
Dokumentuek adierazten dutenez, 1699az geroztik behintzat, badira txistulariak Seguran. Segurar askok eta askok ezagutu zituzten Pedro Iriarte, Jaxinto Galartza, Joxe Ramon Eriz, Eugenio eta Martin Berasategi aita-semeak, Antonio Roke, Joxe Etxeberria eta Kruxmari Intxausti txistulariak. Hala ere, azken urteetan, Jose Mari Telleria izan da Segurako txistularien erreferentzia nagusi. 1970ean jarri zuen martxan txistu eskola. 200 txistu ikasle baino gehiago pasa dira bertatik.
Kuadrillen lehiaketa
Kuadrillak izaten dira herrietako jaietako funtsa, eta Seguran, kuadrillen lehiaketa egiten dute, segurarren artean harremanak bultzatzeko eta festetan parte hartzea indartzeko. Aurten bosgarrena egingo dute,eta helduen hamaika eta haurren bost taldek eman dute izena. Larunbatean egingo dute sari banaketa.
Itoizen kantuak
Igandean, San Joan bezperan, San Joan suarekin eta akelarre herrikoiarekin batera, bada beste ekitaldi berezi bat: Iparraldeko Foisis Jaunak Itoiz Tribute saioarekin Itoiz talde ospetsuaren kantuak joko ditu.
Erakusketa
Azkenik, Laiotz herri eskolako ikasleen eskulanak eta pintura ikastaroko lanen erakusketa ikusgai egongo da Ardixarran, 22tik 25era.