Hizkuntza errefortzurako zerbitzuan izena eman behar da ostiralerako
Hizkuntza errefortzurako udal zerbitzuak hilaren 23an hasiko du ikasturte berria. 2008 eta 2015 urteen artean jaiotako haurren artean euskararen jakintza eta erabilera indartzea du helburu zerbitzuak. Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute hilaren 20a baino lehen. Izena emateko orriak ikastetxeetan banatuko dizkiete haurrei, eta gurasoek orriak beteta eraman beharko dituzte, Loinazko San Martin plaza azpian dagoen gunera, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Ostegunean, gurasoei zuzendutako bilera egingo dute, 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan.
Udalak jakinarazi duenez, «ikasturtean zehar zerbitzuan gertatzen diren alta eta bajak kontuan hartuta, aurten zenbait irizpide ezarri dira arlo honi dagokion kudeaketa hobetzeko. Asistentzia derrigorrezkoa izango da, eta ikasle batek 4 saio jarraian huts eginez gero, edota hiruhilabetean 6 saiotara joaten ez bada (inolako arrazoirik gabe), baja emango zaio zerbitzuan».
Loinazko San Martin plaza azpian eta Ezkiaga auzoan eskaintzen dute hizkuntza errefortzua, Ttakun enpresaren ardurapean.