Eskola Kirolari buruzko hitzaldia
Esparru desberdinetatik iritsi zaigun eskakizunari erantzunez, eskola kirolari buruzko saio bat antolatzea erabaki dugu. Saioa, asteazkenean, hilaren 16an...
ESKOLA KIROLA; ZER DA?, NOLAKOA NAHI DUGU?
Esparru desberdinetatik iritsi zaigun eskakizunari erantzunez, eskola kirolari buruzko saio bat antolatzea erabaki dugu. Saioa, asteazkenean, hilaren 16an ospatuko dugu arratsaldeko 17:45etatik aurrera Altamirako aretoan Andu Martinez de Rituerto adituarekin. Bertan jorratuko dugunaz jabetzeko, foru aldundiak dioenarekin uzten zaituztegu, beraiek baitira eskola kirola sustatzen dutenak.
Ama eta aita, eskola kirolari buruz hitz egin nahi dizuegu, hain zuzen Aldundiak, udalek, ikastetxeek, federazioek eta elkarteek Gipuzkoako familiei eskaintzen dieten kirol eskaintzari buruz; izan ere, ekintza horren helburu da gure haurrak aktiboak izatea eta kirol kulturan heztea.
Adin horietan kirola egitea oso garrantzitsua da haurren garapenerako. Inguru hori ezin hobea da gure seme-alabak osasuntsu hazteko, harremanak egiten ikasteko, heziketa izateko, kirol kultura ezagutzeko, euskara ikasteko eta hainbat balio eskuratzeko eta, beraz, alderdi horiek guztiak sustatu nahi ditugu, kontuan hartuta lotuta daudela lankidetza, kohesio, konpromiso, apaltasun, solidaritate, unibertsaltasun, duintasun eta erantzunkidetasunari.
Gipuzkoak konpromiso nagusi bat du: ikasle guztiei eskaintzea beraien talentua garatzeko aukera, gaitasunak hobetzeko eta gauza berriak ikasteko, alde batera utzita beren kirol maila, maila sozio- ekonomikoa, dibertsitate funtzionala, sexua, edo bizi diren Gipuzkoako tokia.
Zuen babesa, Gipuzkoako familien babesa, ezinbestekoa da mota honetako programa bat aurrera eramateko. Izan ere, programa honen bitartez eskola kirolaren ereduaren erdiko ardatzean kokatzen da adingabea, beste interes batzuen gainetik, eta, horrela, kirol aniztasunaren alde egiten da, haurrak txiki-txikitatik espezializazio munduan ez sartzeko, eta garrantzi handiagoa emateko ikasteari eta ez hainbeste lehiaketaren emaitzari.
Badakigu gogorra dela larunbat goizetan goiz jaikitzea, dena antolatzea, eta gure seme-alabei animoak ematea arazoak gainditzeko ahaleginak egiten jarrai dezaten. Baina beste gauza bat ere bada eskola kirola: emozioz betetako mundu bat, non benetan pozten gaituzten gauza asko gertatzen diren, eta gure bizitza osoan gogoratuko ditugun aztarnak gelditzen diren.
Urriaren 16an, asteazkenean, 17:45ean ALTAMIRAKO ARETO NAGUSIAN
HIZLARIA: ANDU MARTINEZ DE RITUERTO