Gazteen iritzia balioan
Buztuntza auzoa eraberritzeko Urdaneta ikastetxeko ikasleen parte hartzea eskatu du Ordiziako Udalak. Eskola inguruko espazio publikoa aztertu dute orain arte egindako lanketan
Buztuntza auzoa eraberritzeko Urdaneta ikastetxeko haurrei laguntza eskatu die Ordiziako Udalak. Adur Ezenarro alkatearen hitzetan, «oso garrantzitsua da haurrek duten iritzia ere entzutea». Hori horrela, haien neurrira eginiko parte hartze prozesua abiarazi dute. Tipi enpresa arduratuko da prozesuaren kudeaketaz eta dagoeneko lehen lan saioa egin dute.
Duela gutxi ezagutu ditu udalak Buztuntzako auzotarrei zuzendutako parte hartze prozesuaren emaitzak; «ibaiaren ondoko pasealekua berreskuratzea eta Buztuntza eta Idoiaga plazak eraberritzea, oinezkoen sareak hobetuz» dira auzotarrek lehenetsi dituztenak.
Orain, gaztetxoenek identifikatutako beharrak ere ezagutu nahi dituzte, eta horretarako auzoan bertan dagoen Urdaneta ikastetxeko haurrekin hasi dute lanketa. Pasa den astean egin zuten lehen saioa. Ezenarrok nabarmendu du udalak «Buztuntza auzoa eraberritzeko zein gauza hobetu behar diren Urdaneta ikastetxeko haurrei galdetzeko konpromisoa» hartu zuela, eta «haiek egindako ekarpenak jaso ondoren proiektuan txertatuko» dituztela. Horrekin, «haurrek herriarekiko duten ikuspegia balioan jarri, eta lan kooperatiboaren eta parte hartzearen ingurukoi esperientzia positiboa sortzea da helburua».
Bi fase izango ditu lanketak: lehenik, eskola inguruko espazio publikoa aztertuko da gaztetxoekin; eta ondoren, detektatutako behar horien gainean proposamen eta erabilera zehatzak planteatuko dituzte.
«Pozik eta gogotsu»
Mabel Cia Urdaneta ikastetxeko zuzendariak eta Aintzane Garmendia ikasketa buruak udalak ikasleen parte hartzea bultzatzea «oso egokia eta interesgarria» dela iritzi dute, «ikasleek ikastetxean eta auzoan denbora asko igarotzen dutelako» eta, horrez gain, «horrelako prozesuetan parte hartzen ohitzea ere garrantzitsua delako». Ikastetxean bertan, «ikasle antolamenduaren bidez» ikastetxeko batzordeetan «parte hartzen» dutela azaldu dute, eta egitura hori baliatu dute prozesua martxan jartzeko.
Lehenengo saioan, ikasleek «proiektuaren helburuak eta lan markoaren nondik norakoak ezagutzeaz gain, eskola inguruko espazio publikoa behatzen trebatu zituzten, ibilbide horretan, gustuko duten eta ez duten horretan arreta jarriz». Ondoren, izendatutako ordezkariek «lan saioan egindakoa geletan azaldu, eta irakasleekin batera markatutako ibilbidea aztertuko dute ikasle guztiek». Momentu honetan hori egiten ari dira, ondoren ekarpenak jasotzeko.
Lanak hasi bai, baina oraindik bide luzea geratzen da aurretik. Hurrengo bilera batean, «talde guztietan egindako esplorazioaren emaitzak partekatu, eta diagnosi komun bat osatuko dute ordezkari eta proiektuaren arduradunek». Diagnosi hori ordezkariek, berriro, geletan konpartituko dute eta hobekuntzarako proposamenak jasoko dira. Jasotako proposamenak aztertu eta «proposamen komun bat edo bi osatuko dira, ondoren udaletxera eramateko».
Urdanetako zuzendaria eta ikastetxeburua bakarrik ez, ikasleak ere «oso pozik eta gogotsu» ari dira lanketa egiten. Haiek esandakoa kontuan hartzea «oso garrantzitsua da», aintzat hartuko dituztelako eta, gainera, «udaletik datorrelako».