Euskararen Eguna
Inork ez dezan esan hizkuntza bat izan zan, arnasa eman diezaiogun BIZIRIK iraun dezan!
Atzo, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, era askotako ekintzak antolatu ziren Ordizian eta gure ikastolan.
Ikastolan sartu orduko, gela guztietan “Lau teilatu gainean” kanta entzun ahal izan genuen eta euskararen inguruko hausnarketak, solasaldiak, poesiak… burutu genituen.
Goizeko 10:00etan hasita, ikasle helduenentzat “Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere” dokumentala eta Felipe Uriarte zuzendariarekin elkarrizketa izan genuen Herri Antzokian. Eta 10:30etatik aurrera Plaza Nagusian, Euskararen Sarea osatzen joan ziren DBHko ikasleak. Jarraian, Itoitz taldearen “Lau teilatu gainean” kanta abestu genuen denok batera.
Haur Hezkuntzakoek “Gu euskaraz” kanta abestu eta dantzatu zuten J.M.Barandiaran plazan. Arratsaldean, nola ez, “Argitxoren urtebetetzea” ospatu zuten festa erraldoi bat antolatuz.
Eta arratsaldean ere, Lehen Hezkuntzakoek Majori Kiroldegian dantza ikuskizun aparta eskaini ziguten bertaratutako guztioi. Majoriko harmailak txiki geratu ziren ikusle guztiak hartzeko. Une zirraragarria bizi izan genuen ikastolako guraso talde batek gure hizkuntzari idatzitako eskutitza irakurri zutenean. Ederra benetan!
Gaur, abenduaren 3an, zuri eskainitako omenaldi honetan, gure seme-alaben ondoan egon nahi zan dugu. Denok ez zaitugu erabiltzen; gutako batzuk beste lurralde batzuetan sortuak gara, beste hizkuntza eta kultura batzuekin. Baina, guztiok, gure txiki eta gaztetxoen ahotan ZU jartzeko aukera egin genuen, eta oso harro gaude hori ere nola “hazten” ari den ikusteaz.
Gure seme-alabek beste hizkuntza batzuk ezagutzea gustatuko litzaigukeela ez dizugu ukatuko. Baina zu maitasun eta errespetu “bereziz” hartu zaitzaten ahalegintzen gara egunero. Horixe baitzara zu ere guretzat: BEREZIA. Eta dotorea. Pentsa zeinen dotorea zaren, itsusi hitz egin behar dugun gehienetan, beste hizkuntzetara jo behar izaten dugula! Baina, batez ere, ezberdin egiten gaituena zara. Batzen gaituena. Gure txikitasunean, handi egiten gaituena.
Aspalditik zatoz eta kostata, baina bizirik mantendu zintuzten eta bizirik nahi zaitugu. Gure seme-alabek euren seme-alaben ahotan zu jarri zaituztela jakitea zoragarria litzateke. Eta euren seme-alabek, agian, etorkizuneko abenduaren 3 batean ere, zuri hitz batzuk eskainiko dizkizute, eta gutaz oroituko dira, harro, euren arbasoek altxor handi bat utzi ziela eskertuz. Eta honela, zu eta GU, etorkizunean ere biziko gara.
Bihotz bihotzez, Jakintza Ikastolako haur eta gazteen gurasoak.
Baina ospakizunak ez ziren hor amaitu eta Ordiziako Udalak antolatuta zituen beste ekintzekin jarraitu genuen: manifestua, bertsoak, dantzak… Egun borobila, baina euskaraz pentsatu, erosi, maitatu, lan egin eta bizi nahi badugu, -zuk eta guk-, euskara erabili behar dugu gaur, bihar, abenduaren 3an, baina bereziki urteko 365 egunetan.
Inork ez dezan esan hizkuntza bat izan zan, arnasa eman diezaiogun BIZIRIK iraun dezan!
BIDEOA
ARGAZKIAK