Laborategi senso-kognitiboa zabaldu dute Antzizar kiroldegian
Neurobai zahartze aktiborako programaren barruan zabaldu dute gela. 60 eta 75 urte bitarteko ehun boluntariok probatuko dute. Zentzumenen bidez garapen kognitiboa ahalbideratuko du
Kiroldegietan ez dira soilik giharrak lantzen. Garuna ere landuko da hemendik aurrera Antzizar kiroldegian. Neurobai proiektua atzo aurkeztu zuten Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak eta Jokin Garrues Andromeda Projectseko arduradunak. «Neurobai proiektuaren helburua estimulazio sentsorialaren eta kognitiboaren bidez zahartzea atzeratzea da», laburbildu du Garruesek.
Laborategi senso-kognitibo bat prestatu dute kiroldegian: gela txiki bat da, epela. Ohe bat du albo batean, eta aurrean ordenagailu bat dago. Argi, usain eta soinu gozoek osatzen dute eremua. «Erlaxatzeko gune bat da, estresak ekiditekoa», azaldu du Andromeda Projectseko arduradunak. «Gela erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokituko da», gaineratu du.
Ehun erabiltzailerekin hasiko dira probatzen Neurobai proiektua. 50 gizonezko eta 50 emakumezko. Nahi duen orok har dezake parte, baldintza bakarrarekin: adina. «60 eta 75 urte bitarteko tartea zehaztu genuen. Adin tarte horretan aldaketa handiak ematen dira, baina oraindik osasuntsu daude mentalki», zehaztu du Garruesek. Gazteagoak izan arren, buruko bestelako gaitzak dituzten gaixoek ere arazorik gabe erabili ahalko dute laborategia. «Beraientzat ere oso onuragarria da zentzumenak eta garuna trebatzea, eta probetxu handia aterako diete», baieztatu du.
«Lehendabizi erabiltzaile bakoitzaren balorazio bat egingo da», hasi da Garrues. Norberaren egoera psikologikoa aztertuko dute, ez balizko gaitzak diagnostikatzeko, gerora egin beharreko ariketa kognitiboen zailtasun maila ebazteko baizik. Era berean, bakoitzaren ekosistema soziala ere aztertuko dute, bakardadea pairatzen duten pertsonen garunak azkarrago zahartzen direlako;
«Balorazioaren datuak aplikazio batean sartuko ditugu honek gela erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzeko: soinu jakin bat, argi biziagoa edo lasaiagoa, usain indartsuagoa…». Neurrira egokitutako gela izanik, erabiltzailea errazago eta gehiago erlaxatzen da, eta horrek jarraian egin beharreko jolas kognitiboak hobe barneratzea ahalbideratzen dio. «24 ariketa desberdin daude, zailtasun maila desberdinetakoak. Garrantzitsua da erabiltzaileei frustraziorik ez eragitea». Denera, 25 edo 30 minutuko saioak izango dira.
Adituek jarraipena egingo diete erabiltzaileei, ea aurrera pausurik egon den edo ez ikusteko. Gaixotasun larriren baten sintomak topatuz gero, neurologo batengana bideratuko dute arduradunek. «Baina gure helburua ez da gaixotasunak diagnostikatzea, ekiditea baizik», nabarmendu du arduradunak. «Terapia bat da. Ez da terapia farmakologiko bat, baina estimulazio sentsorial eta kognitiboaren bidez gaitzak, ahal diren neurrian, ekidin eta atzeratu egin nahi ditugu».
Erabiltzaileen erdiek banaka joan beharko dute, eta besteek taldean. Hala, adituek ea batzuen eta besteen artean desberdintasunik dagoen ikusiko dute, etorkizunean terapia eraginkorragoa egiteko.
Bertan garatutako saioa
«Anezka enpresa txikien inkubategitik garatu da Neurobai proiektua. Etxean sortutako egitasmo bat da», zehaztu du Aldasoro alkateak. Andromeda Projectsek lehenagotik gidatu ditu zahartze aktiboa bultzatzeko proiektuak, baina beti adinekoen egoitzetan. «Berritasun handienetako bat da Antzizar kiroldegian egokitu dugula gela senso-kognitibo hau. Kiroldegietan adin askotako jendea elkartzen da, eta normaltasuna eman nahi genion proiektuari».
Aldasorok azpimarratu du programa hau adineko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko aurretik egindako egitasmoen jarraipena dela. «Neurobai metodo berri hau duela urte batzuetatik abian jarritako Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu programei gehitzen zaie. Arduradun publikoek eta gizarteak, oro har, aurre egin beharreko erronka nagusia biztanleriaren zahartze progresiboari aurre egitea da, adinekoen mendekotasun egoera aurreikusteko. Mendekotasun hori eta horrek osasun- eta gizarte- kostuetan dituen ondorioak atzeratzea edo murriztea biztanleria osoaren kalitatea hobetzeko inbertsio bat da».
Neurobai proiektua datozen lau urteetan probatze fasean egongo da. Emaitzak positiboak badira, beste herrietako kiroldegietara zabaltzeko aukera dago. 25.000 euroko aurrekontua du proiektuak, eta bi fasetan ordainduko du udalak.