Jostunak ere, laguntzeko prest
Goierriko 93 jostunek talde bat sortu dute eta 1.500 maskara egin dituzte, hainbat mertzeriaren eta udalen laguntzarekin. Udaltzainei, dendariei, boluntarioei, DYAri... oparitu dizkiote.
Koronabirusak bi gauza utzi ditu garbi: emakumezkoenak bezala jo izan diren lanbideek berebiziko garrantzia dutela eta norberak bere aletxoa jartzen badu krisia lehenago gaindituko dugula. Goierriko jostunak ere duten onena ematen ari dira: dagoeneko 1.500 maskara egin dituzte.
Herri ekimen hau martxoaren 14an jarri zuten martxan eta Goierriko osoko 93 herritar musu truk maskarak josteko prest azaldu ziren. Taldean Ataun (6), Beasain (23), Idiazabal (10), Itsasondo (4), Legazpi (1), Legorreta (4), Ordizia (24), Segura (10), Urretxu (1) eta Zumarragako (9) jostunak daude. Erantzuna oso ona izan denez, oraingoz ez dira jostun gehiago behar.
Ekimenak bi helburu ditu: maskara falta asetzea eta Goierriko dendariei materiala erostea. Jostun askok beraien etxeetan zuten materiala erabiliz egin dituzte maskarak. Ordiziako bizilagun batek oihal asko oparitu du eta falta zitzaien materiala Ordizia eta Beasaingo mertzerietan erosi dute. Mertzeriaren batek materiala oparitu die eta beste batek deskontua egin die. Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu die.
Atzo bertan taldeko koordinatzaileek 1.000 maskara baino gehiago jaso zituzten. 500 DYAri oparituko dizkiote. Gainontzekoak Gurutze Gorrira eramango dituzte, garbitu ditzaten. Ondoren, Ordizia, Itsasondo, Ataun eta Legorretan dauden beharrak asetzen saiatuko dira. Soberakina badago, Gurutze Gorriari emango diote. Banaketa egin ondoren, ekimenarekin jarraitzeko beharra dagoen edo eten egin behar den aztertuko dute.
Udaltzain, dendari…
Atzo jaso zituztenez aparte, Seguran 200 maskara egin dituzte eta Idiazabalen 130. Aurretik Ordizian 150 bat banatu zituzten, beharra zutenen artean: herriko udaltzainak, dendariak, boluntarioak…
Une honetan talde autonomo eta koordinatuak dituzten herriak Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Idiazabal, Segura eta Urretxu-Zumarraga dira. Ekimenak Ordizia, Itsasondo, Idiazabal, Segura eta Legorretako udalen babesa du.
Maskara hauek ez dira %100 eraginkorrak, baino argi utzi diete bai DYAn eta baita Gurutze Gorrian ere, ezer ez eramatea baino hobea dela. Gainera berrerabilgarriak dira.
Ekimen honen bultzatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete jostun eta laguntzaile guztiei, baina bereziki DYAri eman dizkioten 500 maskarak josi dituzten Beasain, Ordizia, Ataun eta Legorretako jostunei, Ordiziako Ana Mari Fernandez eta Santiaga Barrerosi eta bilketa eta banaketa lana egin duten Itsasondoko lau boluntarioei. Jasotako erantzuna «hunkigarria» izan dela diote.