Etxealdia, musikari berrien sortzaile
Musika eskolek lanean dihardute, Internet bidezko eskolen bidez. Teknologia berrietan abantailak badaude ere, musikaren trebakuntzarako hobetu beharreko alderdiak agerian geratu dira.
Artearen inguruan dauden disziplina desberdinek hiru aste hauetan hartu duten indarra ezin daiteke ukatu. Musika da horietako bat. Pena litzateke, etxealdia amaitzean, musikarien lanak egunotan emandako onura guztia ahaztea. Musika, etxealdia goxatzeko erreminta izateaz gain, bizilagunei gerturatzeko instrumentu ere bihurtu da. Goierriko musika eskolak, oraingo eta etorkizuneko musikariak trebatzen jarraitzen dute alarma egoeran ere.
Lazkao Txiki Musika Eskolak, Lazkaon eta Ataunen ematen ditu klaseak eta martxoaren 12az geroztik, klase presentzialak ezin eman daude. Eneritz Jauregi zuzendariak kontatu du «egoera horren aurrean azkar erreakzionatu» zutela, «ikasleek errespetu guztia merezi» dutelako.
Alarma egoera ezarri aurretik, teknologia berriak erabili ohi zituzten Lazkao Txikin, baina beste maila batean: «Klase asko eman izan ditugu interneten oinarritutako plataformetan, musika informatikoa bera ere ordenagailuaren bidez eman dugu aurretik, baina beti ere, ikaslea ondoan egonda, sekula ez distantziatik».
Duela gutxira arte erabili dituzten baliabide horiez gain, pauso bat gehiago eman, eta beste sektore batzuetan egin duten moduan, teknologia berriek eskaintzen dituzten beste erreminta batzuk erabiliz, telelanari esker, online klaseak ematen ari dira. Lehenengo egunak «beldur handiarekin» pasa zituzten, lan egiteko modu berriak «zalantzak sortzen» baizizkien. «Ez da berdina, ikasleekin kontaktu zuzena edukitzea, edo pantaila baten bidezko kontaktua».
Antolakuntzari dagokionez esan du, «etxe guztietako errealitatea desberdina» dela, beraz, «hortara ere egokitzen ari» direla. Posible denean «errespetatzen da ikasleek duten ohiko ordutegia eta bideodeia egiten dugu». Beste batzuetan, «aurrez grabatzen dira klaseak, eta ondoren Youtuberen loturaren bidez bidaltzen zaizkie, email bidez ere lan asko egiten ari gara, baita whatsapez ere».
Musikari apartez gain, teknologiatan adituak ere bihurtzen ari dira beraz, eta hortxe izaten ari dira erronka handiena, hain zuen, «ikaragarria izaten ari da», baina «elkar lagunduta lortzen ari gara». Gainera, ikasle guztiengana heltzen ari dira eta azpimarra egin du musika terapia egiten duten adineko emakume taldean adibidez: «Haiekin telefonoz egiten da klasea».
Etxealdia aprobetxatuz, normalean egiten ez dituzten ariketak egiten ari direla ere kontatu du, eta hortan «ikasleen inplikazioa bakarrik ez, haien familiena ere oso garrantzitsua» izaten ari dela nabarmendu du.
Tobera musika eskola ere telelanaren bidez online klaseak ematen dihardu. Xabi Arakama musikaria, eskolako irakasleetako bat da eta telelanaren alderdi desberdinak aztertu ditu. Batetik, klaseak emateko «ondo» ari direla esan du, «esperientzia polita» izaten ari delako. «Ikasleek ilusio handiarekin hartu dute erronka eta gainera, haientzako ihesbidea ere bada musika klaseekin jarraitzea». Hortaz gain, harro asko esan du, «lan handia egiten eta maila mantentzen ari» direla.
Trikitixa eta panderoa jotzen erakusten du Arakamak. Banakako klaseak eta taldekakoak egiten ditu eta aplikazio desberdinak erabiliz ordenagailuarekin, telefonoarekin edo tabletarekin, ikasleekin kontaktuan jar badaitezke ere, «soinua beranduago iristen» dela argitu du. Hortaz, taldekako klaseetan «guztiak batera jotzea oso zaila» dela. Hala eta guztiz ere, buru astinduta bilatu dute taldean nola lan egiteko modua ere.
Telelanak «abantaila asko eta alderdi positibo ugari» dituela uste badu ere, nabarmendu du baita ere, «orain lan orduak ohi baino gehiago» direla. Batetik, etxe bakoitzeko errealitateak desberdinak direlako eta egoera honetara egokitzeak, denbora asko eskatzen duelako: «Orain arte ordu erdiko lana zena, orain ia ordubetean egiten dut, eta gainera, bai irakasleak eta baita ikasleak, guztion egoeretara moldatu behar dugunez, horrek esfortzu handiagoa eskatzen guztion partetik». Gogorarazi du, lanbideaz aparte, beste lan batzuk ere badaudela egiteko, «etxekoak» adibidez.
Arakamak, estudio txiki bat du etxean, eta handik eman ohi ditu online klaseak. Bere ikasleak, nolabait bere etxean sartzeaz ez da kexu, baina bai esan du telelana «inbasiboa» dela: «Nire etxea, nire oasia da». Lan formula hau hainbeste «normalizatzen» ari den une honetan, alarma egoeraren ondoren errutinara buelta nolakoa izango ote den ere kezkatzen du.
Musikari bere tokia
Bukatzeko, Arakamak mezu bat bidali nahi izan du: «Etxean egotera behartuta gauden une hauetan, bizirauteko kulturak duen garrantziaz konturatu dira pertsona asko. Musika, irakurketa, zinema, marrazketa, eskulanak eta beste arte disziplina batzuk oraintxe, askoren orduak betetzen dituzte. Hau guztia amaitzen denean, inork hori ez ahaztea nahiko nuke».