Xabi Zurutuza, Legazpitik Europara motor gainean
Marc Marquez eta Casey Stoner eredutzat hartuta, Moto GP-ko pilotua izan nahi du Xabi Zurutuza legazpiarrak. Aurten Europa mailan lehiatuko da, eta babesleak lortzeko kanpaina bete-betean dago.
Azken denboraldia Espainiako txapeldun titulua irabazita amaitu ondoren, Europara begira jarri da Xabi Zurutuza Torres moto pilotu gaztea (Legazpi, 2006). Apirilean hasiko ditu lasterketak eta Europako abentura berri honetarako duen helburua zehatza bezain handia da: ahalik eta sailkapen onenak lortzea junior mailako mundialera joateko, eta horren ondoren Moto GP-ra iristeko, hau da, moto lasterketetako kategoria gorenera.
Erronka gogorra eta bide luzea ditu aurretik Zurutuzak, eta lehen pausoa denboraldi berri honi ekonomikoki aurre egiten lagunduko dioten babesleak lortzea da. Kanpaina bete-betean da orain, eta buzoa babesle horien logotipoekin bete nahi duela dio. Partikularrek ere lagundu dezakete, bere izenarekin egin dituzten maskarak erosita.
Txikitatik duen zaletasuna
Txiki-txikitan igo zen lehen aldiz Zurutuza motor baten gainera. Etxean beti izan dute bat, aita Josu eta Martxel eta Andoni anaiak oso motorzaleak direlako. Baina berak lasterketetara egin zuen salto, eta pilotu eskolari esker, 6 eta 10 urte bitartean, lau zaldiko moto txikiekin ibili zen, trofeo bat baino gehiago irabaziz. Lehen lasterketa Legazpin bertan egin zuen, aitak eta herriko beste motorzale batzuek prestatutako hiri zirkuitu batean.
Harrezkero, poliki-poliki kategoriaz igotzen joan da, gaur pilotatzen dituen 250 cc-ko zilindradako motorretara iritsi arte. Bi moto ditu, lehiatzen den bi modalitateetarako bana: Honda bat abiadurarako, 39 zenbakiarekin, eta Husqvarna bat supermotorako, 85 zenbakiarekin. Abiaduran hirugarren postua egin zuen iaz Espainiako txapelketan, baina supermoto kategorian txapelketa irabazi zuen, bigarren urtez jarraian gainera.
Horrelako palmaresarekin ekingo dio Zurutuzak denboraldi berriari. Esku artean duen txapelketa abiadura modalitateko European Talent Cup da, 12 eta 16 urte bitarteko pilotu gazteei zuzendutakoa, eta sailkapen onak lortuz, junior mailako Moto3 munduko txapelketarako pasea ematen duena.
Familia beti ondoan
Marc Marquez eta Casey Stoner ditu eredu Zurutuzak, «nire gidatzeko era haiena bezalakoa da, agresiboa». Lehiatzen den kategorian 230 kilometro orduko abiadurara iritsi daitekeela dio, «orain hasi da benetan dibertsioa!».
Ama Silviak lasterketetan asko sufritzen du, ez ordea Josu aitak, «nik baino gehiago disfrutatzen duela esango nuke!». Biak ondoan izaten ditu beti, baita entrenamenduetan ere. Legazpitik gertu entrenatzeko pistarik ez dagoela eta, Valentzia edo Alacante aldera joaten dira ia astebururo. Bidaia luzea dela dio pilotu gazteak, «baina Espainiako zirkuitu onenak dira, han pilotu onenek entrenatzen dute, eta nik haiekin entrenatu behar dut».
Zurutuzak bere bi anaiak ere ez ditu saltzeko, asko laguntzen diotelako, eta azkenaldian Cristina Torres izeba ere inguruan dabil, bere promozioaz arduratzen baita. Betiko lagunak ere gertu ditu beti.
Babesle bila
Entrenatzera joateko bidaiak Europa mailan lehiatzeak dakartzan gastuen barruan sartzen dira, baita motorren mantenimendua ere. Europako txapelketan zazpi bat lasterketa izango ditu, Espainian eta Portugalen batez ere, eta aurrekontua oso altua da. Horri aurre egiteko, babesleak izatea ezinbestekoa da Zurutuzarentzat. Batzuk hitza eman diote dagoeneko, baina gehiago behar ditu. «Zuen laguntzarekin, Legazpiren izena gorenera eramango dudala agintzen dizuet». Erakundeei ere helarazi nahi die deia, ea orain arte ez bezala diru laguntzaren bat iristen zaion horien aldetik.
Zurutuzaren denboraldi berria babestuko dutenen artean Cuna de Campeones taldea da garrantzitsuena; horrek eman dion diru laguntzari esker, gastu guztien %40a estaliko du. Aterki, Skura eta Erlo dira beste babesle batzuk.
Modu xumeagoan ere lagundu dakioke Zurutuzari, bere izena eta zenbakia (85) daramaten maskarak jarri dituztelako salgai, 5 euroan. Legazpin, Hogei tabernan eta Hizkuntza liburu dendan eros daitezke, baita sare sozialen bidez ere: Instagram, xabizuru85, eta Facebook, Xabi#85 Xabi Zurutuza Torres.