Bertako Produktuen Sustapenerako I. jardunaldia egingo dute Itsason
Azoka jarriko dute larunbatean plazan 17:00etatik 20:30era. Amaia Aierbek nutrizio tailerra emango du. Itsasoko, Gabiriako eta Olaberriko ekoizleek parte hartuko dute

Datorren larunbatean, maiatzak 29, Itsason, Bertako Produktuen Sustapenerako I. jardunaldia egingo dute, Itsasoko Batzordeak antolatuta. Hainbat ekintza prestatu dituzte arratsalde eta iluntzerako, eta azokak berrikuntza bat izango du: Itsasoko ekoizleez gain, inguruko herrietako ekoizleak ere izango dira haien produktuak saltzen. Pandemia aurretik martxan jarritako egitasmoa izan bada ere, orain arte ez dute aukerarik izan jardunaldia ospatzeko osasun egoeragatik.
«Aurretik azokaren bat egin genuen, eta Itsasoko weborrian ekoizleen informazioa jarri genuen; azken urteotako ibilbidean beste urrats bat, pandemia garaian nahiko geldirik egon behar izan baikara», azaldu du Gorka Sasieta Itsasoko batzordeburuak. Larunbateko jardunaldia herriko produktuen eta enplegu sustapenerako Itsasok duen egitasmoaren barruko ekintza izango da. Bertako ekoizleen produktuak sustatzeaz gain, ekoizle berriei babesa eskaintzea da helburua.
Askotariko produktuak
Azokarekin ekingo diote egitarauari, Itsasoko plazan. 17:00etan irekiko dute, 20:30ak arte. Barazkiak, esnekiak, frutak, zeramikak, ogia, pastak, eztia, osagarriak… denetarik izango da. Olaberriko Etxeberri Goikoa ekoizleen behi gazta eta esnekiak izango dira, Gabiriakoek Ehunduz proiektuko oihalak, Araiz eskuz eginiko bitxiak eta osagarriak eramango dituzte, eta Itsasoko ekoizleen beste hainbat produktu ere egongo dira salgai: Urteaga Urkulegiko garaiko barazki ekologikoak, Hariztizabal baserriko ogi ekologiko desberdinak eta zuku eta gozagarriak, Albitsubeheko eztia eta PottKeramikako piezak eta Isla Pitxien portzelanazko belarritakoak.
Bukaeran dastaketa
Azoka irekita dagoen bitartean, Elikaduratik ongizatera, bertatik bertarako elikagaietatik nutrizio tailerra eskainiko du Amaia Aierbek udaletxeko ganbaran, 18:00etatik 19:30era. Ekintza praktikoak egiteko eta jakiak dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek bertan. 20:00etan, aldiz, sukaldaritza ikuskizuna izango da plazan: Ostatuko Manuk bertako produktuak osagai hartuta jendaurreko erakustaldia egingo du.
Erakustaldia amaitu eta azoka itxi ondoren, 20:30ean, prestatutakoaren dastaketa izango da. Tiketak azokan bertan jarriko dituzte salgai, 5 euroan. Bertako produktuez gozatzeko aukera izango dute inguratzen direnek.