Uztailaren 25eko gauean gertatutako eraso matxista ikertzen ari dira
Ordiziako Udala osatzen duten talde guztiek adostuta komunikatua zabaldu dute sare sozialen bidez uztailaren 25etik 26rako gauean Ordizian eraso matxista bat gertatu zela jakin dutelako, eta gertatutakoa argitzeko informazioa biltzen ari direla azalduz. «Inplikatutako pertsonen eta beren familiako kideen nortasuna babesteko zuhurtasunez jokatzea funtsezkoa» dela iritzi du udalak, hala eta guztiz ere, eraso matxista guztiak «irmotasunez baztertzen eta baztertuko» dituela dio, eta indarkeria matxista jasan duenari arreta eta babesa emateko jardungo duela. Indarkeria jasan duen pertsonaren egoera emozionala eta fisikoa izango dela udalaren lehentasuna, eta horrelako gertakari baten aurrean, erasotuak hartzen duen erabakia errespetatzea eta laguntza bermatzea ere.
Gertatutakoa egiaztatzeko, lanean ari dira udalaz gaindiko beste erakunde eta eragile sozial batzuekin batera, «kasuaren ahalik eta ikuspegi osoena eta ziurrena izateko» eta «eraso matxisten aurkako erantzun instituzional irmoa emateko».
Eraso matxisten aurrean «isilik egoteak konplize» egiten gaituela ere salatu du Udalak, horregatik, dei egiten dute, edozein unetan eraso matxistaren baten lekuko izanez gero, erasoa jasan duen pertsona babestu dezaten eta laguntza eskaini diezaioten.