Emakumeek Urretxuko gaztetxeko oholtza hartuko dute bihar
Urola Garaiko Koordinadora Feministak Emakume*OK jaialdiaren lehen edizioa antolatu du biharko. Urretxuko eta Zumarragako 40 emakume inguru elkartuko dira oholtza gainean eta antolaketa lanean. Egitarau oparoa prestatu dute.
Ekitaldiak Urretxuko gaztetxean izango dira. 18:15ean trikipoteoa egingo dute, 19:00etan txalaparta saioa eta bertsoak, 19:30ean emakumeak oholtzara igoko dira, 22:00etan afaldu egingo dute eta gauerdian DJ festa hasiko da.
Festan parte hartuko duenetako bat Alarma Morea musika taldeko Ainhoa Plagaro da. «Lan taldean 15 bat pertsona gaude. Egunean bertan, barran lan egingo dugu, afaria prestatuko dugu, soinu teknikaria eta argazkilaria ere baditugu…».
Musikariei dagokienez, 24 musikarik parte hartuko dute: abeslariak, baxu-joleak, gitarra-joleak, bateria-joleak, biolin-joleak, piano-joleak, txalapartariak, bertsolariak, trikitilariak…
Helburua emakume artisten rolari buruz hausnartzea da. «Oraindik ere, oholtzara igotzen direnen portzentaia altu bat gizonezkoek osatzen dute. Festan, saretu, ahaldundu eta kontzientzia landu nahi dugu. Egitasmo berriak sortzeko balioko balu, zoragarri».
Emakumeak oholtzara igotzea animatu nahi ditu. «Beldurra galdu behar dugu».