Legazpik irabazi du Gipuzkoako taldekako bola txapeketa
Segurako taldea bigarren geratu da Donostiako Herrera auzoko Arrobitxulo parkean dagoen bolatokian jokatutako finalean. Emakumezkoetan, Zerain bigarren geratu da.
Legazpiko Danantzako taldeak Gipuzkoako gizonezkoen bola txapelketa irabazi du, atzo Herreran jokatu ziren finaletan 95 puntu eskuratuta. Segura bigarren sailkatu da 82 punturekin, Ur Mia taldea izan da hirugarrena 82 punturekin, eta Zarautz laugarrena, 70 punturekin. Emakumezkoetan, Zeraingo taldea bigarren geratu da.
Irailean hasi eta atzo amaitu zen Gipuzkoako taldekako txapelketa, Donostiako Herreran Arrobitxulo parkean dagoen bolatokian jokatutako finalekin.
Gizonezkoetan, guztira 16 talde aritu dira eta 64 bolari txapelketan, Legazpi, Zerain, Gabiri, Segura, Ereñozu, Zarautz, Lasarte, Herrera, Ategorrieta, Hernani eta Belauntzakoak. 48 saio egin dituzte, eta atzoko finalerako lau talde sailkatu ziren: Segura, Danantzako, Zarautz eta Ereñozuko Urmia.
Jose Luis Agirrek, Ion Orikainek, Juan Mari Iñurritegik eta Juan Pedro Agirrek osatu dute Danantzako taldea. Segurako kideak Xepeiño Agirre, Imanol Agirre, Egoitz Berasategi eta Iokin Izagirre izan dira.
Zeraindar emakumezkoak, txapelunorde
Emakumezkoetan, bi talde iritsi dira finalera, eta Zarautzek irabazi du 77 punturekin. Miren Makatzagak, Kontxita Gabiriak, Garbiñe Alustizak eta Aitziber Makatzagak osatutako Zeraingo taldeak txapeldunorde titulua eskuratu zuen, 71 punturekin.