Tapoi birziklatuz egindako beste bi aulki jarri dituzte
Hondakinen Prebentzio astean egindako tapoi bilketan jasotako tapoiekin egin ditu Ekomodo enpresak, udalarekin elkarlanean. 3.500 tapoi erabili dira aulki bakoitzeko.
Tapoi birziklatuz egindako beste bi aulki sortu eta kokatu dituzte Ordizian, Hondakinen Prebentzio astean jasotako tapoiekin. Ekomodo enpresak egin ditu aulkiak, udalarekin elkarlanean. Jabekuntza Eskolako plaza ondoan kokatu dituzte. 3.500 tapoi erabili dira aulki bakoitzeko. Oraindik ere tapoiak Barrenan, ikastetxeetan, Majori-Altamira kiroldegian eta Zuhaiztin jasoko dituzte.
Zuhaiztin jarri zuten lehenengo aulkia, martxoan, urdin kolorekoa, eta oraingo biak moreak dira. “Elkarlanarekin jarraitu nahi genuen eta hilabete hauetan hala aritu gara eta etorkizunean ere bide bera jarraitzeko asmoa dugu. Hondakinak ahalik eta gutxien sortzeko apustua egin behar dugu, baina sortzen diren horiei beste erabilera batzuk ematearen aldekoa ere bai”, adierazi du udalak.
Aulkiez gain, 20 koaderno ere sortu dituzte. 15 tapoi erabili dira bakoitzeko, guztira 300. Zozkatu egingo dituzte koadernoak. Zozketan parte hartzeko 688 752 647 zenbakira argazki bat bidali behar da, Jabekuntza Eskolako plazan dagoen aulki morearekin.