CAFen hidrogenozko trenak lehen proba fasea gainditu du trenbide sarean
FCH2Railek Zaragoza eta Canfranc-en arteko bidea egin du eta trenbide sarean probak egiten jarraituko duela iragarri dute proiektuaren sustatzaileek.
CAF enpresak sustatutako hidrogenozko trenak, FCH2Rail proiektua, Espainiako tren sarean probak egiteko baimena lortu eta gero, aurreikusitako lehenen ibilbidea gauzatu du, Zaragoza eta Canfranc-en artean. Proiektua gauzatu duen enpresa taldeak jakinarazi duenez emaitza «arrakastatsua» izan da; tren frogatzailea, modu elektrikoan eta hibridoan ibili da tren sarean, hidrogeno-piletatik eta baterietatik datorren energia konbinatuz, elektrifikatu gabeko tarteetan.
Mugarri hori lortu duen hidrogenozko lehenengo trena da. Lehenengo proba hau burututa, hurrengo urratsa da, teknologia eta energia eskari baldintza zabalenekin probatzea, zerbitzu komertzial ezberdinak simulatuz.
Renferen aldirietako egungo unitate bat oinarri hartuta egin du CAFek; soluzio berri bat instalatu dio, hidrogeno piletatik eta barietatik eratorritako energia hibridatuta, energia elektrikoa sortzeko, eta ibilgailuak lehendik zeukan trakzio-sistemarekin uztartu dute.
Caf-ekin, ondorengo enpresek izan dute parte hartzea FCH2Rail proiektuan; DLR, Toyota, Renfe, Adif, CNH2, IP eta Stemmann-Technik. Iberdrola, SHIE ARPA eta Ercrosek ere lagundu dute.
14 milioi euro
2021eko hasieran jarri zuten martxan proiektua eta 2024 urte amaierarako amaitzea aurreikusi dute. Proiektuak 14 milioi euroko aurrekontua du. Hidrogenoaren eta erregai-pilen garapena bultzatzeaz arduratzen den Europako Batzordearen agentziak, Clean Hydrogen Partnership-ek (garai bateko FCH2 JU) 10 milioi euro finantzatu ditu.